“Norbanako nahi gaituzte, baina herri gara oraindik”

uriola.eus 2024ko urr. 21a, 13:42

Errepubliken Eguna ospatu dute, urriaren 20an, Deustuk eta Begoñak. 100 urteren ondoren euren nortasunak, jatorriak eta herriak bizirik jarraitzen dutela aldarrikatu dute Salbeko zubiaren azpian, herrien arteko mugan, giro ederrean.

Txistulariak, txarangak, erraldoiak, konpartsak… batu dira Deustu eta Begoña bizirik jarraitzen dutela aldarrikatzeko. Hala adierazi du Mikel Aiartzaguenak, botatako bertsoan: "norbanako nahi gaituzte, baina herri gara oraindik". Bi herritako kideen adierazpenak jarraian:

 

Imanol Orokieta – Deustu

1924ko urrian, Errege Dekretu baten bitartez deustuartasuna ezabatu nahi izan ziguten gure herria Bilbora anexionatuz. Aurten, 2024ko urrian, begirada atzera bota eta garai horiek oroitzen ditugu, 100 urteren ondoren izaera propioa edukitzen dugula aldarrikatuz. Noski, deustuarrok ez ginen anexio hori pairatzen bakarrak izan, gure lerrokide diren Begoñatarrak ere lege horren menpe geratu ziren.

Eta hala, hariekin batera egin dugu 2024ko urriaren 20an oroitzapen ariketa hau. Bakoitza bere herritik abiatu da Salbe ingurura, bi udalerriak bereizten zituen mugara. Batzuk Etxebarriako tximiniatik atera dira, geu Done Petri enparantzatik, biak ala biak jai-giroan. Musikariak, dantzariak, erraldoiak, orotariko eragile, talde, norbanako eta abar abiatu gara Begoñarantz, noski, udal korporazioekin batera, alkate eta aguazilekin. Jada bertan geundela eta alkateek bi aldeetako dantzarien aurreskua jaso ondoren, teila bana jaurti dute itsasadarrera, garai batean egiten zen bezala bakoitzaren lurrak bertara heltzen zirela adieraziz.

Ez dugu, ordea, mugarik ezarri nahi izan, herri izaera propioa edukitzen jarraitzen dugula

aldarrikatu baizik, Begoñatarrekin adiskidetasuna adieraziz, eurekin partekatzen baitugu bai historia eta baita bereizten baina lotzen gaituzten errekako urak ere. Jai-giroan oinarritu dugu oroitzapenerako egun hau, baina horrek ez du esan nahi honen atzean borroka bat ez dagoenik, inork ez dezala esan orain hemen ez gaudenik, norbanako nahi gaituzte baina herri gara oraindik.

 

Lur Mallea – Begoña.  Herri biren emozioa

Gure aitite begoñarra zen. Begoñan jaio eta hazia. Mahatsorri peto-petoa. Harrotasun handiz hitz egiten zuen Begoñari buruz aukera zuen aldiro. Begoñako bazterretan egindako bihurrikeriak zirela edota sindikatuko gorabeherak zirela, beti zuen Begoñako konturen bat ahotan. Ze emozio sentitzen zuen Begoña gogoan, begiak handi-handi pizteraino.

Bera arduratu zen alabei eta ilobei Begoñako berri emateaz. Trasmisio lana egiteaz. Ondotxo zekien historia ondorengoei zabaldu ezean ahazturara bideratuko zela. Herri baten desagerpenera. Ondotxo zekien ahoz zein idatziz historia bizi mantendu beharra zegoela. Zorionez, asko izan dira Mahatserrian zein Deustualdean memoriaren lanketan jardun direnak, katea eten ez dadin. Duela 100 urte, hemen, Begoña eta Deustu izeneko bi herri egon zirela gogoraraziz.

Eta ez da kasualitatea, ez, egun Deustun, Arangoitin, Santutxun, Uribarrin edota Otxarkoagan mantentzen den nortasun bereizgarria, herri sentipena. Azken hamarkadetako herri mugimendu, borroka eta adierazpenak horren seinale dira. Izan zirelako baikara.

Eta iritsi gara mendeurrenera. Bilbok Deustu eta Begoña bere egin zituenetik 100 urte pasa diren honetara. Anexio hura... Anexio hura ez dugu ahaztu eta anexio hura gogoratzea erabaki dugu. Gure arbasoek lotsaz eta amorruz bizi izan zuten ezintasunari buelta ematea. Herri bezala ospatuz zer izan ginen eta zer garen. Alai. Harro. Emozioz beterik bi herrien arteko mugan, marraren defentsan.

Horrela jakin dute ume eta gazte askok Deustuko eta Begoñako errepublikaren berri. Ziurrenik batek baino gehiagok lehen aldi entzungo zuen horren berri. Bada, baliatu dezagun momentua. Egin dezagun memoria. Erronka ez da makala. Eguneroko bizimodu zoroan 100 urtetik gorako historiaren trasmisioari eustea. Baina ez tematu, ezagutzen dugun zeregina da. Segi dezagun lanean. Jarrai dezagun herria egiten.