Euskaraldiaren konplize izango den hamaikakoa

uriola.eus 2024ko aza. 7a, 14:23

Inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez arituko dira gaur aurkeztu duten Euskal Herri mailako hamaikakoa osatuko duten kideak.

Euskaraldiak badu helburu argi bat: euskararen erabileran eragitea euskara gehiago entzun dadin Euskal herri txoko eta bazter guztietan. Horretarako, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak adierazi du  gauzak egiteko moduetan ere arreta jarriko dutela: “aurten inoiz baino gehiago, hurbiletik hurbilera, ahoz aho, nik zuri eta zuk hari”. Hala dio aurtengo leloak: elkar mugituz egingo dugu. Izan ere, euskaraz hitz eginez batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata.

“Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du eta aldi berean hamaika egunez milaka eta milaka pertsonek eginda efektu biderkatzailea lortzen dugu”, gehitu du Urkijok, eta hain zuzen ere, mugimendu honetan eragile izateko prest daude hamaika lagun: Eneko Atxa sukaldaria, Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkaria, Aitor Bengoetxea musikari eta break dantzaria, Lutxo Egia del Rio idazlea,  Eneko Garcia (Albina Stardust) trabestia, Ana Goitia kazetaria, aurkezlea eta umoregilea, Itziar Ituño aktorea, Roberto Moso komunikatzailea, Zibel Untsain dantzaria, Esti Urresola zinemagilea eta Mikel Urrutikoetxea pilotaria.

Aipatutakoak, Euskal Herriko mailan erreferenteak diren pertsonak dira, eta aniztasuna irudikatzen dute genero, adin lurralde eta aritzeko esparruei dagokionez. Baina badute zerbait komunean: Euskaraldian aho bizi edo belarri prest izatea erabaki dute. Baina hauen egitekoa ez da bakarrik 11 egunez txapa jantzi eta norbere erronkara mugatuko, Euskaraldiak behar duen eta sortzen duen mugimenduaren konplize izango dira. “Ariketan parte hartzeaz gain, ingurukoei Euskaraldiaren berri emango diete eta hartutako erabakiaren berri ere”, nabarmendu du Euskaraldiko koordinatzaileak, Euskaraldiaren “enbaxadore” izango dira.

Hamaikakoa osatzen duten lagunek erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak. Esaera zaharretan jasota  dago: “bati esaten zaiona, hamaikak jakiten du” eta hori da hain zuzen ere egingo dutena: “bati, biri, hirurei, hamaikari, esan, kontatu, beste hamaika batu daitezen euskararen uhin hedakor honetara”, aldarrikatu du Goiatz Urkijok. Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzeko testuingurua eskaintzen duela argi utzi du koordinatzaileak, baina testuinguru hori baliatuko duten herritarrak aktibatzea ezinbestekoa dela: “horretarako Euskaraldia zabalduko duten pertsonak dira giltzarria”.

Hamaikakoari dagokionez, Eneko Garciak eta Esti Urresolak aitortu dute ilusioz jaso dutela Euskaraldiaren gonbitea eta harro sentitzen direla. “Behar bat dago, baina erantzun bat ere bai, eta hori ere oso hunkigarria da”, gehitu du Urresolak eta emakume zinemagile eta euskaldun izanda, minoria asko biltze duen pertsona alegia, harrotasuna sentitzen du.

Garciak aitortu du bere erronka lehenengo pausu hori euskaraz ematea izango dela: “nire burua modu kontzientean behartuko dut euskara gehiago erabiltzera”. Urresolak bat egin du adierazpen horrekin: “oso pozgarria da kontzientzia hori ekartzea gure automatismoak birpentsatzeko”, eta  gaineratu du inkontzienteki oso garrantzitsua dela areagotzea bazter guztietan entzuten den euskara.

Bukatzeko, Urresolak borobildu du aho bizi bezala jarduten duzunean, belarri prestasun bat jorratu daitekeela: “normalean gazteleraz kontsumitzen ditugun kultur jarduerak (antzerkia, pelikulak, liburuak…) euskaraz kontsumitzeko gonbidapena bezala ikusten dudalako”.

 

Euskaraldia loratuko duen udaberria

“Data, irudi eta egiteko moduetan edizio berria eta berritua izango da” aitortu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak, baina ariketaren esentzia mantenduko dute eraginkorra delako: aho-bizi eta belarri-prest rolak, izen-emateak eta 11 eguneko ariketa.

Aurten Euskaraldiak azpimarra jarriko du zergatietan eta zertarakoetan: “Euskaraldiaren bidez hizkuntza portaera batzuk normalizatu nahi ditugu, arau sozial bihurtu, baina portaera sinpleak diruditen arren oraindik ez daude jendartean errotuta, eta horren bila goaz Euskaraldiarekin”, esan du Urkijok.

Euskaraldiaren laugarren edizioa udaberrian izango da 2025eko maiatzaren 15etik 25era. Aurreko hiru edizioak udazken-neguan egin dira, eta aurtengoak aldaketa dakar maiatzera uste dutelako beste aldarte batekin egin daitekeela: elkarrekin gehiago egoten gara, argitasun gehiago dago eta giro soziala handitu egiten da udaberrian. Ariketak hori behar du”.

Jada irekita dago herrien eta entitateen izen ematea eta martxoan zabalduko da belarri-prest eta aho-bizien txanda.