Bilboko Udalak Topaleku Parkearen lehen fasea amaitu du

uriola.eus 2024ko aza. 20a, 15:24

Parkeak ia 8 hektareako eremua hartzen du eta Artxandako iparraldeko hegaleko punturik garaienean dago, Bilbo eta Sondika udalerrien arteko mugan. Triangelu itxurako parke honen hiru ertzetan San Roke bidea, Aretxabaleta eta Artxandamendi bidea daude.

Bilboko Udalak amaitu ditu Topaleku parkearen lehen faseko lanak. Bilbo eta Sondika artean kokatutako aisiarako eta aisialdirako gune berri hau Artxanda berriko erreferentziazko espazioetako bat izango da. Fase honetan, parkeko galtzada eta bide gehienak egokitu dira, bai eta parkeko punturik garaienean eta errepidetik urrunen dagoen eremuko umeentzako jolasgune handia ere.

Jarduketa guztiak, bereziki jolasguneak, ingurunean integratu dira, dauden zuhaitzak errespetatuz eta espazioaren desnibelak aprobetxatuz.

Jolasguneak bi hektarea hartzen ditu eta elkarri lotutako zenbait espazio ditu. Adin desberdinetako umeentzako jolas ugari ere aurki daitezke, besteak beste, salto egitekoak, txirrista, soka multzoa, eskalatzeko rokodromoa, zubiak eta kolunpiodromo bat (poligono-oina duen zabu multzo bat, hamahiru eserlekukoa). Juan Mari Aburto Bilboko alkateak jolas “zoragarriak” direla azpimarratu du.

Parkeko umeentzako jolasgune berri eta zabal honetan ere bi pasabide horizontal jarri dira mendi-hegalaren maldak aprobetxatuz. Horietatik askotariko motatako hamakak zintzilikatu dira, baita luzera eta malda desberdineko bost txirrista ere abiatzen dira.

Naia Landa Sondikako alkateak nabarmendu du auzoa osoari beste itxura bat ematen diola jolasgune berriak eta bizia itzuliko diola: “inguruko jatetxeentzat ere oso onuragarria izango da”.

Lehen fase honetan planteatutako jarduketek 3.691.217,57 euroko (BEZa barne) aurrekontua izan dute, eta haietatik 2.525.000 euro Europako funtsekin finantzatu dira, 2021eko turismo-destinoen jasangarritasunaren ildoaren barruan.