220 eragile baino gehiago batuko dira Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek deitutako mobilizaziora

uriola.eus 2024ko abe. 10a, 14:06

Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez! lelopean Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek eta hainbat eragilek abenduaren 14an mobilizatuko dira. Eguerdiko 13:00etan irtengo da  Plaza Eliptikotik (Moyua).

Duela hilabete iragarri zuten etxebizitza sindikatuek etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa abenduaren 14rako Bilbon. Euren asmoa argia da: etxebizitza arazoaren errora jotzea. “Etxebizitza negozioa den bitartean, inoiz ez delako eskubidea izango”, argi adierazi dute.

Euskal Herrian etxebizitzaren arazoa gero eta gordinago eta bortitzago azaleratzen ari da, eta horren adierazle dira, besteak beste, alokairuen eta hipoteken prezioen gorakada etengabea, turistifikazio basatia eta etxegabetzeak.

Hala ere, askorentzat eguneroko arazoa den hori beste batzuentzat negoziorako aukera dela salatu dute: “putre funtsek, bankuek, industria turistikoak, erakunde publikoek edo inbertsore handiek etxebizitzaren merkatutik gero eta irabazi handiagoa ateratzen dute”. Argi azpimarratu dute gutxi batzuen aberastasunaren eta jabetzen atzean, gehienon pobrezia eta desjabetzea ezkutatzen direla.

Mobilizaziora batu diren beste eragileen berri eman dute. Gaur arte 220 eragiletik gora adierazi dute euren babesa. Horien artean aurki daitezke: etxebizitza eskubidearen aldeko, eta bazterketa sozialen kontrako eragileak; eragile sindikal eta langile elkarteak; ekosistemen suntsiketaren aurka borrokatzen direnak; arrazakeriaren kontrako eragileak, eta persona migrante eta arrazializatuen kolektiboak; auzo elkarteak, sare komunitarioak, gune autogestionatuak eta elkarte kulturalak; antolakunde politikoak, talde antimilitaristak, internazionalistak eta antifaxistak; eragile feministak, emakumeen, genero identitateen eta sexu disidentzien diskriminazioaren kontrako eragileak; eta gaztetxeak, gazte asanbladak eta gazte antolakundeak.

Etxebizitza eskubide unibertsal gisa defendatzen duen Euskal Herri mailako mugimendu zabal bat gorpuzteko lanean ari dira. Eta bide horretan, urratsa abenduaren 14ko manifestazioa izan daitekeela uste dute.

 

Euskal Herrian lekukoa hartuz

Azaroaren 23an, larunbata, 120.000 pertsonak baino gehiagok manifestazioa egin zuten Bartzelonan, etxebizitza-eskubidearen alde eta higiezinen negozioarekin amaitzeko premiazko neurriak hartzearen alde.

Argi dago ezinegona eta gizarte-mobilizazioa estatuko hainbat lekutara zabaltzen ari direla etxebizitzaren arazoaren inguruan, eta manifestazio masiboak jazo direla Madrilen, Bartzelonan, Balear Uharteetan, Granadan, Burgosen... Euskal Herrian lekukoa hartzeko unea da.