“Klima-aldaketa” da urteko hitza Euskaltzaindiarentzat eta UZEIrentzat

uriola.eus 2024ko abe. 18a, 11:49

Azken urteotan maiz aipatutako kontzeptua izan arren, aurten bereziki handitu da hitz honen erabilera, Lurraren klimaren aldaketaren inguruko kezka orokortuaren isla gisa. Euskaltzaindiaren Hiztegian, klima-aldaketa 2022tik jasota dago, “Lurreko klimaren ezaugarrien aldaketa, bereziki giza jarduerak eraginikoa” definizioarekin eta meteorologiaren arloko termino gisa.

2024ko urteko hitza izan da Klima-aldaketa terminoa Euskaltzaindiak eta UZEIk adostuta. Izan ere, aurten, lehorteek, uholdeek, izotz-poloen urtzeak eta batez besteko tenperaturaren igoerek klima-aldaketarekiko arreta areagotu dute. Meteorologo eta zientzialariek ohartarazi dutenez, 2024a inoiz izandako urterik beroena izan daitekeela. Testuinguru honetan, klima-aldaketa terminoak protagonismo handia hartu du, beste termino pareko batzuek baino gehiago.

Hitzaren sinonimotzat jo daitekeen aldaketa klimatiko esamoldea ez dago horren hedatua euskaraz, eta horregatik ez da Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota. Hala ere, ingurumenaren eta klimatologiaren arloan lotura zuzena duen beste termino bat ere aipatu da: klima-larrialdia. Termino hori egokia izan liteke klima-aldaketak ekar dezakeen egoera larria deskribatzeko, baina oraingoz, komunikabideetan klima-aldaketa da gehien erabiltzen den esamoldea.

Euskaltzaindiak eta UZEIk nabarmendu dutenez, hitzak gizartearen kezken isla dira. Klima-aldaketa urteko hitz hautatzeak, beraz, Lurraren ingurumen-egoeraren inguruko kontzientziazio gero eta handiagoa islatzen du. Era berean, hizkuntzaren egokitzapena eta aberastasuna erakusten ditu, gizartearen beharrei eta kezkei erantzuteko tresna eraginkorra baita.