La Vuelta 25 ekimena Bilbotik eta Bizkaiatik igaroko da 2025eko irailean

uriola.eus 2024ko abe. 23a, 08:59

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak La Vuelta 25 txirrindularitza-lasterketaren aldeko apustua egin dute berriro. 2025eko irailaren 3an, lasterketaren 90. edizio bereziaren hamaikagarren etapa izango da Bizkaiko hiriburuan. “Bilbao-Bilbao” izeneko ibilbidea izango da, 167 kilometro eta 7 mendatez osatua.

Etapak Bilbon izango du irteera eta helmuga, eta hainbat udalerri eta toki garrantzitsu zeharkatuko ditu, hala nola, Mungia, Bakio, Bermeo, Gernika, Munitibar eta Artxanda, besteak beste. Ibilbideak guztira 3.300 metroko desnibel metatua izango du, eta txirrindularientzat erronka garrantzitsua izango da.

La Vuelta 25 Italiako Piemonte eskualdetik abiatuko da 2025eko abuztuaren 23an eta irailaren 14ra arte iraungo du. Edizio hau berezia izango da, 90 urte beteko baitira lasterketa ospetsua lehen aldiz egin zenetik.

Bilbok eta Bizkaiak dagoeneko erakutsi dute halako ekitaldiak arrakastaz hartzeko duten gaitasuna. 2022an, La Vuelta-ko bosgarren etaparen amaiera eta seigarren etaparen irteera antolatu zituzten. Gainera, 2023an, Frantziako Tourraren 110. edizioak Bilbon izan zuen hasiera. Esperientzia horrek eta zalegoaren parte-hartzeak eragin positiboa izan dute Vuelta berriz ere lurralde historiko honetara itzultzeko.