Urtarrila eta apirila bitartean, Sormen Ola programaren hirugarren edizioa antolatu du Loraldiak, UPV/EHUren eskutik. 16-29 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskal kultur transmisioa sustatzen duen tailer sorta hauek hilean behin eta larunbatetan burutuko dira, formatu trinkoan.
Tailerrak Bilboko Bizkaia Aretoan izango dira, hilean behin goizeko 9:30etik 15:00etara. Lehenengo urtarrilaren 25ean izango da eta programa apirilera arte luzatuko da. Prezioa 20 eurokoa izango da (BEZa barne), eta matrikula www.loraldia.eus webgunearen bitartez egin daiteke. Ikasle kopurua mugatua izango da (25 pertsona).
Izena emango duten EHUko ikasleek kredituak lortu ahal izango dituzte, eta besteentzat ziurtagiri bat eskura daiteke. Esperientziarik gabeko parte-hartzaileentzat ere egokiak dira. Sormenaren arlo ezberdinak lantzen dituzte, arlo horietako sortzaile erreferenteen eskutik.
Gai monografikoak erreferentziazko profesionalen eskutik
Edizio honetako sortzaileek aurreko bi urtetan landutako arloak osatuko dituzte. Urtarrilaren 25ean dantza landuko da Garazi Etxabururen eskutik; euskal dantza tradizionalaren berrinterpretazio garaikidea landuz. Otsailaren 22an, sorkuntza eszenikoaz hitz egiteko Olatz Gorrotxategi izango da gonbidatua, eta honetan dokumentuetan oinarritutako sormen eszenikora hurbilketa egingo du, antzerkigilearen ikuspegi pertsonaletik abiatuta.
Aitziber Garmendia aktoreak umorearen sormenaz arituko da martxoaren 22an, drama eta umorea uztartuz, norbere gabeziak inspirazio iturri bihurtuz. Azkenik, apirilaren 5ean, literatura eta bertsolaritzaren esparrua landuko du Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak. Bertsolaritza eta literatura uztartuz, inprobisazioa eta sormen kolektiboa jorratuko du.
Loraldia Gaztea
Loraldia Gaztea Loraldiaren hostoetako bat da eta honek euskal kultura gazteen artean transmititzea eta sortzaile berrien harrobia sustatzea du helburu sormena, prestakuntza eta plaza eskainiz.
Programa ezberdinak burutzen ditu urtean zehar eta horietako bat da Sormen Ola, hain zuzen ere. Sormen Olaren helburuak euskal kulturaren transmisioa gazteen artean zabaltzea, gazte kultur zaleak sustatzea, gazteak kultur profesional erreferenteekin harremanetan jartzea eta sormena eta irudimena bultzatzea dira.