Bilboko Nazioarteko 10K lasterketaren lehenengo edizioa aurkeztu dute Aburto Bilboko alkateak eta Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroleko zinegotziak. Bilbao Atletismo Santutxu klubak antolatutako kirol-proba martxoaren 9an izango da, eta Arriaga antzokitik abiatuko da.
Lasterketan izena emateko epea zabalik dago, eta federazio-lizentzia duten atleta izan zein ez 3.000 pertsonek parte hartu dezakete. Izena emateko webgunean eman dezakete izena urtarrilaren 31ra arte 17 eurotan, eta egun horretatik otsailaren 23ra arte 22 eurotan.
Bilbao Atletismo Santutxu klubak ia bi hamarkada darama nazioarteko egutegiko milia antolatzen, eta aurten prest dago distantzia handitu eta antolaketan daukan esperientzia 10 kilometrora igotzeko. Helburua runningaz gozatzea da. Probaren zirkuitua homologatuta dago, eta Aburto alkateak adierazi du zirkuitu laia eta azkarra izango dela. Bere garrantzia ere azpimarratu du: “Bilboko puntu enblematikoetatik igaroko da, eta estatuko atleta nagusiak eta munduko atleta onenetako batzuk bilduko ditu".
Lasterketaren 10 kilometroez gain, bestelako probak ere egongo dira umeentzat, 18 urtera arteko atletentzat eta desgaitasuna duten pertsonentzat. Proba horiek guztiak doakoak izango dira, eta dortsalak aipatutako webgune horretan bertan egongo dira eskuragarri.
Ekitaldiak 2025eko denboraldirako BM Bilbao emakumezkoen taldearen aurkezpena egiteko ere balio izan du. Taldeak arrakasta handia izan zuen 2024an, besteak beste, titulu hauek irabazita: brontzea Europako Cross Txapelketan (Portugal), Espainiako 10 kilometroko txapeldunak (Alacant) eta Bizkaiko cross txapeldunak (Loiu). Gainera, taldeko atleta bi herrialdekako Europako Cross Txapelketan parte hartzeko hautatu zituzten.