Atzoko egunaren antzera, grebak jarraipen zabala izan du, izan ere, deitutakoen %75etik gorak babestu du. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituztelako, eta horren ondorioz, milaka langileri greba eskubidea ukatu zaielako. Adierazi dute, egoera horrek greba bera baldintzatu duela hein handi batean.
Bi greba egun hauetan irakasleek oso mezu argia helarazi diote Hezkuntza Sailari. 15 urte direla hitzarmena eta lan baldintzak eguneratu gabe daudela, eta lan zamak arintzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela. Aldarrikapen hauekiko erantzunik ez badago grebetan jarraitzeko indarra dutela adierazi dute.
Greba arrakastatsuak izan dira “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean. Gaurko hiru manifestazioetan milaka langile elkartu dira hiriburuetako kaleetan eta jarraipena emango diote otsaileko greba deialdietan ere.
Aste honetako greba dinamikari jarraipena emanez, hurrengo astean ere greba egunak dituzte Haurreskolak Partzuergoko langile, sukaldari eta garbitzaileen sektoreetan, eta manifestazioak egingo dituzte “lan hitzarmenak hemen eta orain erabakita” lelopean. Haurreskolak Partzuergoan urtarrilaren 28 eta 29an izango dira grebak; eta Sukalde eta garbiketan urtarrilaren 30 eta 31an.