ICHHk adierazi du klubarekin duen gatazka konpontzeko prest dagoela

uriola.eus 2025ko urt. 29a, 12:09

Artxiboa: uriola.eus

Urtarrilaren 15ean Iñigo Cabacas Herri Harmailak komunikatu bat atera zuen azken hilabeteetan zehar era guztietako zailtasun, isun eta zigorrak pairatzen ari delako. Abenduko partida batean Ertzaintzak San Mamesen egindako karga indiskriminatuak zirela eta, animazioa bertan behera uztea erabaki zuen, partida guztietan jasaten duten errepresioa salatzeko eta Klubaren aldetik pairatzen duten babes falta agerian uzteko. Geroztik, azken hilabetean irtenbideren bat lortzen saiatu da.

Kontuan hartu behar da Herri Harmaila herrikoiaren, leku fisikoaren, animazioaren dinamizazioa hiru eragileren artean eramaten dela: Piratak, Euskal Lions eta Iñigo Cabacas Herri Harmaila (ICHH). Horietaz aparte, Gazte Abonodunak ere bertan daude. Ez animatzearen komunikatua ICHHk atera zuen eragile bezala.

Beraz, pasa den igandean, hilak 26, CD Leganesen aurka egon zen partiduan, ICHHk komunikatuan esan bezala, ez zuen animazioa koordinatu eta horretan parte hartu. Hala ere, argi adierazi zuen hartutako erabakia ez zela San Mameseko animazioa boikoteatzeko, eta dei egin zieten San Mameseko gainerako zale zurigorriei ahalik eta gehien animatzera, “taldea babestuta senti dadin 90 minutuetan”.

Arazoak arazo, Zuzendaritzak Piratak eragileko kide bati eman zion bozgorailua animazioa dinamizatzeko, eta eztabaida sortu zen Piratak eragileko kide horren eta Herri Harmailako bi pertsonen artean. Horren aurrean, Klubak herenegun, hilak 27, komunikatu bat atera zuen erabat onartezintzat joz animazioaren buru izan nahi zuten harmailetako kideek jaso zituzten presioak: “Animatzailea hertsatzen duenak ez du lekurik San Mamesen”.

Gertaera horien aurrean, Klubak erabaki du zelaira sartzea debekatzea Herri Harmailako zenbait kideri animazioa bertan behera uzteko hertsiki eskatu zieten bi pertsonei.

Gertaerak borobilduz, ICHHk adierazi du ez daudela baldintzak zigortutako jendeak animatu ahal izateko. Gatazka hau konpontzeko prest daudela argi adierazi dute. Horretarako, Klubaren borondatea beharrezkotzat jo dute, eta ez jazarpen gehiago. Zuzendaritza Batzordeari irtenbide sinesgarriak eskatu dizkio, zeinetan animatu ahal izango duten zigorrik jaso gabe.