Subflubiala EZ! plataformak manifestazioa antolatu du otsailaren 8an, 17:00etan, Bilboko Arriagan. Hirritarren benetako beharrak asetzen ez dituela salatu nahi dute, eta gainera, ingurumenean, gizartean eta ekonomian ondorio larriak eragiten dituela.
Adierazi dutenez, proiektuak ez du laguntzen berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten. “Ibai azpiko ibilbidea laburragoa bada ere, mota horretako azpiegiturek auto partikularraren erabilera sustatzen duen eskari induzitua sortzen dute”.
Horrez gain, helburu klimatiko ofizialen aurka doala aditzera eman dute. Proiektuak Foru Aldundiak berak, Eusko Jaurlaritzak, Estatuko Gobernuak eta Europar Batasunak ezarritako mugikortasun jasangarriko helburuak urratzen ditu, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenak (IIA) aitortzen duen bezala.
Mugikortasunaren plangintza integralik ez duela jakinarazi dute ere. “IIAren arabera, ez da plangintzarik egin Bilbo Metropolitarraren eremuan, eta horrek erakusten du ez dagoela ikuspegi estrategikorik herritarren benetako beharrei heltzeko”.
Manifestaziorako deia egitearen beste arrazoietako bat kostu ekonomikoa izan da, gainkostu gehigarrien arriskua agerian uzten duena. “Obrak hasi aurretik ere, proiektuaren kostua % 10 baino gehiago handitu da, 450 milioi eurotik 500 milioira pasatuz”.
Protesta honetara hainbat eragile sozial eta sindikalek, besteak beste, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek, manifestazio honetara atxikimendua adierazi dute, proiektu honen aurkako jarrera argia erakutsiz eta herritarren interesak defendatuz. Badira beste atxikimendu batzuk ere, besteak beste, 7katu Gaztetxea, Bizizaleak Konpartsa Ekologista, Eguzkizaleak Konpartsa, Ekologistak Martxan eta Satorrak Konpartsa.
Subflubiala EZ! plataformak dei egiten die Bizkaiko herritarrei manifestaziora batzeko eta ingurumen, gizarte eta ekonomia etorkizuna hipotekatuko duen proiektu baten aurka beren ahotsa altxatzeko.