Bilboko kaleetan protesta handia egin dute Lamiakoko ibai azpiko autobiaren proiektuaren aurka. Subflubiala EZ! plataformak deituta, Azpiegituraren aurka batu diren hainbat kolektibok eta herritarrek Bilboko kaleak bete dituzte, Aldundiari egitasmoa bertan behera uzteko eskatzeko. Proiektuak oposizio handia piztu du herritarren artean.
Manifestariek gogor salatu dute 500 milioi eurotik gorako aurrekontua duen azpiegitura honek “kutsadura eta trafikoa areagotuko” dituela, eta “eraikuntza-enpresa handien interesen alde” baino ez duela jokatzen. Arriaga plazatik abiatu eta Aldundiaren egoitzaren aurrean amaitu den mobilizazioan, “Subflubiala geldituko dugu!” bezalako oihuak izan dira protagonista.
Proiektuaren aurkako plataformak gogorarazi du obra honen inpaktuak Bilboko metropoli-eremuko garraio-politiken norabidearekin talka egiten duela, eta ez dela mugikortasun iraunkorreko ikuspegi integral baten parte. Gainera, azterketa ofizialek adierazten dute azpiegitura honek trafikoaren %33ko hazkundea eragingo duela, ingurumen-helburuen aurkakoa izanik.
"Administrazioek garraio publikoaren aldeko apustua egin behar dute, trafikoa areagotuko duten autobia berriak eraiki beharrean", nabarmendu dute plataformako bozeramaileek. Horrez gain, kritikatu dute dirutza hori herritarren beharrei erantzuteko erabili beharko litzatekeela, eta ez enpresa handien irabaziak biderkatzeko. "Supersurekin gertatu zen moduan, aurrekontua bikoizteko arriskua ere badago", ohartarazi dute.
Hurrengo urratsak
Subflubiala EZ! plataformak iragarri du mobilizazioekin jarraituko duela, eta datozen hilabeteetan ekintza gehiago antolatuko dituztela proiektua gelditzeko. Beraz, herritarrei dei egin diete eztabaidan parte hartzera eta alternatiba iraunkorrak eskatzeko, "mugikortasun-eredu bidezkoago eta ekologikoago baten alde".