"Bilbao Jokoan" torneoak 3x3 saskibaloia eramango du bilbotarren bihotzera

uriola.eus 2025ko ots. 11a, 13:36

3x3 Bilbao Jokoan saskibaloi txapelketaren aurkezpena

Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatua, saskibaloia baino askoz gehiago eskainiko duen txapelketa baten lehen harria da, nazioarteko erreferente bihurtzeko helburuarekin sortua.

Bilbao Basket-ek, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestuta, "Bilbao Jokoan" 3x3 saskibaloi txapelketa antolatu du, ekainaren 20tik 22ra Areatzan ospatuko dena. Saskibaloiaren haratago doan ekitaldi honek nazioarteko erreferente bihurtzeko helburua du.

Bilbao Basketeko presidenteak, Isabel Iturbek, azpimarratu duenez, "Bilbao Jokoan" erreferente bihurtzeko jaio da, eta klubaren 3x3 talde bat sortzea zein Bizkaia Next Gen Akademia sendotzea du helburu. Akademia honek bi urte daramatza modalitate hau garatzen.

Bestalde, Itxaso Errotetak, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak, eta Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak, Bilbo eta Bizkaiaren babesa berretsi dute, gazteria eta kirola sustatzeko duten konpromisoa azpimarratuz.

Atzo egindako aurkezpenean, otsailak 10, Santiago Ubietak diseinatutako txapelketaren logotipoa erreproduzitzen duen graffiti bat margotu zuen zuzenean. Jarraian, Aitor Fernández dunker bilbotarrak mate-erakusketa ikusgarria eskaini zuen, eta animazio-taldeek musika eta breakdance ikuskizunak eskaini zituzten

Izen-emateak zabalik

Txapelketak gizonezko, emakumezko eta misto kategorietan parte hartzeko aukera ematen du, formakuntza-mailatik senior eta beteranoetaraino. Gainera, adimen-desgaitasuna duten kirolarientzako kategoria mistoa ere badu. Senior mailako talde irabazleek 3.000 euroko saria jasoko dute, bai emakumezkoen zein gizonezkoen kategorietan.

Ekainaren 20tik 22ra, saskibaloia Bilboko bihotzera iritsiko da, eta horrekin batera, musika eta arte urbanoaren topagune bihurtuko da hiria. Modalitate hau 2024ko Parisko Joko Olinpikoetan arrakastatsua izan zen, eta orain, Bilbon ikusgai izango da.