Eskutik Eskura kanpaina jarri du abian Errigorak

uriola.eus 2025ko mar. 12a, 12:13

Argazkia: Errigora

Beste modura denon onura lelopean, Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herri osora zabaltzeko helburua du, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena bultzatuz. Martxoaren 26ra arte egin daitezke eskaerak.

Errigorak abian jarri du Beste modura denon onura leloa duen kanpaina, Nafarroako produktuak euskaraz eta jatorrizko prezioan eskaintzeko. Gaur egungo kontsumo ereduaren ondorioz, bitartekariak onuradun nagusiak direla diote, eta horrek ekoizle nahiz kontsumitzaileen egoera zaurgarrian jartzen duela azaltzen dute. Testuinguru honetan, Errigorak beste modu bat proposatzen du: elikadura burujabetza. Hau da, Euskal Herrian kontsumitzen diren elikagaiak bertan ekoiztea eta elikagaien ziklo osoaren gaineko erabakimena herriaren eskuetan jartzea. Horretarako, ekoizle eta kontsumitzaileen parte-hartzea eta kontzientzia ezinbestekoak direla nabarmendu dute. 

Elikadura burujabetzaren aldeko apustuak onura pertsonalak zein kolektiboak ekar ditzakeela argitu dute. Diotenez, ekoizpena eta kontsumoa hurbiltzeak gardentasuna eta sareak sortzera laguntzen du, eta horrek euskal lurraldeen arteko lotura ekonomiko eta sozialak indartzen ditu. Gainera, kontsumitzaileak paper aktiboagoa hartzen duela adierazi dute, elikadura-sisteman eragina izateko aukera emanez. Adibidez, Errigoraren eskutik, kontsumitzaileen eskakizunari erantzuteko, ekoizleek lur-sail berriak landu behar izan zituzten pikillo piperren kasuan, edo Hazialdekoren bidez Nafarroako lekaleen ekoizpena berreskuratu zela azaltzen dute.

Kanpaina honek ekoizleentzat kontsumitzaile konprometituen sare trinko bat eskaintzen duela diote, baloreetan oinarritutako harreman bat bultzatzeko. Baita Nafarroarentzat, bertan landatu eta ekoiztutako produktuak Euskal Herri osora zabaltzeko aukera ematen baitu. Eta Euskal Herriarentzat, elikadura burujabetzaren ildoan zentratutako sareak eta eskaintzak plazaratzea helburu izanda, lurraldeen arteko loturak indartzen dituela.

 

Berrikuntzak eta eskaintzak

Errigorak berrikuntza ugari eskaintzen ditu aurtengo kanpainan: arroz konbentzionala itzuli da katalogora, lekaleak kiloko paketeetan etorriko dira, eta arbendolak moten arabera banatutako loteetan eskainiko dira. Pasta loteak eta ardo-sortak ere berritu dira, guztiak eredu ekologikoan ekoiztuta.

 

Eskaerak eta URIOLAREN ZOZKETA

Urtero bezala, martxoaren 26ra arte egin daitezke eskaerak haien web orriaren bidez edo telefonoz (Hego Euskal Herritik (+34) 848 87 12 23 eta Ipar Euskal Herritik (+33) 532 09 35 45), nahi beste produktu aukeratuz.

Bestalde, Errigorak bertako produktuz osatutako bi kaxa eman dizkio Uriolari irakurleen artean zozketatzeko: saski berde bat eta saski beltz bat, askotariko produktuekin.

Ez galdu aukera hau, eman izena martxoaren 23a baino lehen!