"HOTS&HITZ: Musika, berdintasuna eta LGTBIQ+"; jardunaldien hirugarren edizioa Bilbon ospatuko dute martxoaren 19an eta 20an. Jarduera honen helburua da musikaren sektorearen egoerari buruz berdintasunean hausnartzea, LGTBIQ+ kolektiboko musikaren sortzaileak eta profesionalak ikusaraztea eta sektoreak arlo horretan dituen erronkak identifikatzea. Jarduera guztiak doakoak dira, eta Zinegoak eta Anitzak elkarteekin lankidetzan egindako jardunaldiak dira.
Hori guztia mahai-inguru, solasaldi eta proiekzioen bidez egingo dute La Sinsorgan Kulturgune Feministan eta Bilborocken. Horietan, besteak beste, honako gai hauei buruz hitz egingo da: musika programazioak, agertokietan ematen diren dinamikak, clubbing kulturaren eta LGTBIQ+ kolektiboaren arteko harremana, Euskal Herriko bideoklipak edo musika-proiektuen lehen lerroan dauden emakumeen egoera.
Edizio hau, beraz, gaur, hilak 19 hasiko da arratsaldeko 18:00etan La Sinsorga Kulturgune Feministan. 18:30ean mahaingurua egongo da Programar en igualdad izenburupean, gazteleraz. Hurrengo mahainguruak Oholtzak: Identitate disidenteak eszenatokian du izena eta euskaraz izango da arratsaldeko 19:30ean.
Jardunaldien bigarren eguna, hilak 20, Bilborocken izango da. Lehenengo, mahainguru bat egongo da Cultura clubbing y en colectivo LGTBI1+, ¿Compromiso compartido? izenburupean. Ondoren, Euskal Herriko Bideoklipak aztertzen ikuspegi queer batetik proiekzioa egongo da, eta jarraian musikaren lehen lerroan gorputza jartzearen ajeei buruz solasean arituko dira Oihana Arana, Kattalin Barcena eta Miren Narbaiza. Azkenik, Dj saioa egongo da Inesen eskutik.