Txosnagane mendi-igoeran izena emateko epea zabalik dago ekainaren 5era arte

uriola.eus 2025ko api. 30a, 11:46

Aurtengoa XIII. edizioa izango da ekainaren 7an, ohiko ibilbide luze eta laburrarekin, San Adrian auzoko eliza paretik hasita Atxuriko Enkarnazio plazaraino. 200 bikotek eman ahalko dute izena.

Txosnagane mendi-igoeraren XIII. edizioa ekainaren 7an izango da aurten eta Bilboko Konpartsak federazioak izena emateko epea zabaldu du ekainaren 5era arte. 200 bikotek eman ahalko dute izena webgunean, edo ekainaren 7an martxaren hasiera puntuan, leku guztiak bete arte.

Txosnagane mendia (Biderdi, Ganetxiki edo Larrentxu izenekin ere ezaguna) Pagasarri eta Ganekogorta gainen artean dago, eta 877 metroko altuera dauka. Ohiko bide bietatik antolatu ditzute martxak, parte-hartzaileek aukeratzeko. Martxa laburra 14,39 km-ko ibilbidea izango du,  446 metroko goranzko desnibelarekin, eta luzea 19,48 kilometrokoa izango da, 854 metroko goranzko desnibelarekin, mendian eskarmentua duen jendearentzat.

Martxa San Adrian auzoko eliza paretik hasiko dute parte hartzaileek eta helmuga Atxuriko Enkarnazio plaza izango da, eta auzoko jaiekin bat egingo duena. Bertan sari-banaketa egingo dute 14:45ean. Bikote irabazlea ez da helmugara arinen heltzen dena izango, baizik eta parte-hartzaile guztien bataz besteko denborara gehien hurbiltzen dena.

Sari banaketaren ostean, herri bazkaria izango da auzoko jaietako paella lehiaketa aprobetxatuta. Menua beganoa, halal eta gluten barikoa izango da, izena ematen dutenentzat. Bazkarirako tiketak Zirika herri gunean izango dira salgai, 7 euroan, ekainaren 5era arte.

Aurten, edozein motatako eraso salatu ahal izateko, telefono zenbaki bat jarriko da eskuragarri izena emateko esku-orrietan. Partaideek zenbaki horretara deitu ahalko dute martxan eraso bat pairatuz gero, eta Bilboko Konpartsek erasoa kudeatzeko laguntza eskainiko diote.