UEFA Europa League finalak aldaketa nabarmenak ekarriko ditu Bilbora

uriola.eus 2025ko mai. 19a, 14:04

Udala hainbat sailetan antolatutako operatibo zabal batean ari da lanean, herritarren ohiko jarduerak ahalik eta gutxien kaltetzeko. Garraio publikoaren erabilera bultzatu dute, trafiko-mozketak antolatu dituzte eta garbiketa zerbitzua indartu dute ere. 

UEFA Europa League-ren finala jokatuko da datorren asteazkenean, maiatzak 21, San Mamesen, eta horrek hiriaren funtzionamenduan aldaketa handiak ekarriko ditu. Udala hainbat sailetan antolatutako operatibo zabal batean ari da lanean, herritarren ohiko jarduerak ahalik eta gutxien kaltetzeko. 

San Mames inguruko eremuetan (Basurtu, Indautxu eta Olabeaga) trafiko-mozketak izango dira maiatzaren 21eko 00:00etatik hurrengo eguneko 05:00etara. Sabino Arana etorbidea eta inguruko kaleak itxita egongo dira. Areatzan eta Arriaga plazan, maiatzaren 20tik 21era, jendetza handia egongo denez, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa mugatuta egongo da. Bereziki, maiatzaren 21ean 12:00etatik 14:00etara, Mesedeetako zubiaren, Areatzako zubiaren eta Ernesto Erkoreka plazaren arteko esparrua itxiko da ibilgailuentzat. Euskalduna zubian ere zirkulazioa moztuko da 14:00etatik biharamuneko 02:00etara. 

Bestalde, A-8 autobideko sarbideak (Zunzunegi etorbidea) ere itxiko dira 17:30etatik aurrera, ibilgailuek Juan de Garay kalea, Enekuri, Artxandako tunelak, Miraflores edo Santo Domingotik sartu beharko dutelarik. Aparkaleku erreserbak ezarriko dira Zingira eta Bailen kaleetan, baita Botikazar erriberako Iruña eta Rafaela Ybarra kaleen artean ere.

Etxebarria parkea Manchester United taldearen jarraitzaileentzako topagune nagusia izango da Maiatzaren 16tik 22ra bitartean. Parkearen zati handi bat okupatuko dute, eta horren ondorioz, tximinia ondoko haur-parkea ezin izango da erabili. Oinezkoentzat sarbide bereziak antolatu dira Quintana plazatik. Finalaren gauean, 22:00etatik aurrera, Zumalakarregi etorbidea itxiko da zale guztiak autobusetan joan arte.

Metroak eta trenak maiztasun handiagoz ibiliko dira, eta zerbitzua 03:00etaraino luzatuko da. Hala ere, San Mameseko geltokia itxita egongo da maiatzaren 21eko 15:00etatik 22ko goizaldeko 06:00etara. Bilbobus eta Bizkaibus lineetako ibilbideak aldatuko dira, eta informazio zehatza Udalaren webgunean eta 010 telefonoan egongo da.

Finalaren inguruan, Udalak 60 langile eta 24 ibilgailu mobilizatuko ditu kaleak garbitzeko eta hondakinak biltzeko. Maiatzaren 20ko 07:00etatik 22ko 02:00etara, zaborrontziak kenduko dira Felipe Serrate eta Bentosa Bideko kaleetatik, besteak beste. Herritarrei dei egiten zaie kaleetan zaborrik ez uzteko edukiontzirik ez dagoen bitartean. Gainera, bi bilketa komertzial berezi egingo dira establezimenduentzat.

Oinarrizko gomendioak

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak segurtasun-neurri zorrotzak jarriko dituzte indarrean. San Mamesen hiru segurtasun-eraztun ezarriko dira, eta estadiorako sarrerak dituztenek bakarrik sar daitezke perimetroan. Herritarrei gomendatzen zaie garraio publikoa erabiltzea eta informazio ofiziala kontsultatzea eguneraketak jakiteko.