Matx sare sozialak podcast berria aurkeztuko du datorren maiatzaren 30ean, euskal kirolarien bizitzako alderdi pertsonalak eta hurbilenak jendaurrean jarriz. Basque Team fundazioarekin batera, kirolari elitekoen istorioak kontatzeko proiektua abian jarri dute.
Kirol minoritarioetan arrakasta lortu duten euskal atletek hartuko dute parte saio honetan, baina ez dute soilik haien lorpen profesionalez hitz egingo. Aurkezle Aratz Losadaren hitzetan, "kirolariak modu naturalean erakustea da helburua, haien umorea, kezkak edo bizipen pertsonalak partekatuz". Lehenengo kapituluan, Mikel Linacisoro eskalatzailea izango da protagonista.
Sei atal izango ditu podcastak, eta hilabetero kaleratuko da abuztua eta abendua izan ezik. Matxen webgunean eta sare sozialetan ikusgai egongo da, baina baita Basque Teamen plataformetan eta Tokikom taldeko hainbat komunikabidetan ere.
Helburu argiak
Proiektuaren bultzatzaileek azpimarratu dute euskarazko kirol-eduki freskoagoak sortzeko nahia. "Eragile txikiek egiten duten lana aitortu nahi dugu, eta kirol minoritarioei ikusgarritasuna ematea da gure nahia. Kirol masiboez haragoko erreferenteak sortzea, alegia.", adierazi dute.