Festa giroarekin aldarrikatu dute erabakitzeko eskubidea milaka lagunek

uriola.eus 2025ko eka. 8a, 13:15

Milaka pertsona batu ziren atzo Bilbon, Euskal Herri libre eta burujabea eraikitzeko aldarrikatzeko.  Ikurrinez eta Nafarroako banderez bete zuten Autonomia kalea arratsaldeko mobilizazioan.

Milaka lagun bildu ziren atzo, ekainak 7, Bilbon, Gure Eskuk antolatutako jardunaldira. Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean “herri agerraldi masiboa” egiten zuten egun osoan zehar. “Hitzak erabaki bilakatzeko unea da” mezu garbia oihukatu zuten atzo Bilboko kaleetatik: “Hitzetatik euskal herritarren gehiengoa ordezkatzen duten akordioetara eta erabakietara pasatzeko unea da. Erabakitzeko ahalmenean aurrera egiteko balio duten erabakiak behar ditugu”.

Eguna Harri Kamishibai ipuin kontalariarekin hasi zen Santiago Plazan eta jarraian Porrotxek, Marimototsek eta Zapotxinek girotzen jarraitu zuten eguna, plazan zeuden ume zein heldu guztiak dantzan jarriz. Ondalan erraldoien konpartsak kalejira abiatu zuen bertatik eta ondoren lekua egin zieten Aissa Intxausti, Alaia Martin, Aner Peritz, Ekhié Zapiain, Irantzu Idoate eta Nerea Ibarzabal bertsolariei.

Aldi berean, Plaza Berrian beste hainbat erakustaldi egon ziren: Euskal Ardi moztaileen elkartearen ikuskizuna, Herri Kirolak Jasoka herri kirolak taldearen eta Harrizulatzaileen eskutik, eta Castellersak Euskal Herriko Castellersak eta Sagals d’Osona casteller taldeekin.

Santiago Plaza eta Plaza Berria gune handiak izan arren, Alde Zaharreko kaleetan zehar txistulariak albokariak eta trikitilariak egon ziren, eta Zamudioko atean gizarte eragileen azokak eta taloek bere lekua hartu zuten.

 

Mobilizazioaren atxikimenduak, pankartaren atzetik

Gutxinaka, Alde Zaharretik La Casillara hartu zuten bidea milaka lagunek, manifestazioaren abiapuntura, Walo BD danborjoleekin batera. Zenbait alderdik bat egin dute: EH Bilduko Unai Urruzuno, Maddalen Iriarte, Mertxe Aizpurua, Pello Otxandiano eta Laura Aznal, eta EH Baiko Xabi Larralde, Mikel Irastorza, Txomin Casteigts eta Itxaso Cuevas. EAJ-PNVko Markel Olano eta Joseba Barandiaran, eta Podemoseko Richar Vaquero.

Sindikatuen ordezkaritza ere bertan bildu da: Amaia Muñoa eta Unai Oñaederra (ELA); Igor Arroyo (LAB); Juanan Calzada eta Patxi Agirre (Hiru); Marije Etxebarria eta Ana Perez (Steilas); Alain Alonso (ESK), Maite Aristegi (EHNE); Iñaki Zabaleta (Eusko Ikaskuntza); eta Carlos Ruiz (Gaur Geroa).

Beste hainbat aurpegi ezagunek ere babesa eman diote mobilizazioari: Kike Amonarriz soziolinguistak, Gurutze Ezkurdia idazle eta irakasleak, Yogurinha Borova aktore eta ekintzaileak, Ibai Zabala pilotariak, Ugo Mayor irakasle eta ikertzaileak...

 

Milaka lagun bultzatzeko prest

Joaldunek beraz, eman zioten hasiera mobilizazio jendetsuari arratsaldeko 17:30ean, eta zintzarrien eta adarren doinuarekin batera abiatu zen Udaletxeraino. Haien atzetik, ikurrina erraldoi bat Euskal Herriak erabaki leloarekin, eta jarraian pankartari eusten, besteak beste: Josu Etxaburu, Irantzu Perello, Mirian Campos eta Iraitz Lazkano, Gure Eskuko zuzendaritzako kideak; Xabier Euskitze kazetaria; Conxita Bosch, Assemblea Nacional Catalanako ordezkaria; Adrian Bravo, Via Galegako ordezkaria; Aize Otaño, AEKko kidea; eta Saul Arangibel, Nafarroa Berriz Altxako kidea. Pankartaren atzetik aipatutako eragile sozial eta politikoak, eta ondoren, milaka eta milaka lagun ikurrinak eta Nafarroako banderak eutsita.

Autonomia kalea zeharkatu eta Zabalburu atzean utzita, Udaletxera ailegatu ziren milaka pertsona. Arratsaldeko 18:30ak pasata hasi zuten amaierako ekitaldia txalapartariek, eta ondoren, Jon Maiak esperantza duela argi utzi zuen irakurritako mezuan: “Esperantza daukat batez ere etorriko direnengatik, bere selekzioekin jokatuko duten horiengatik,  bere kultur akademia eta konpainia nazionalak izango dituztenak, bere enbaxadak, bere olinpiadak, bere lurraren jabe izango direnen belaunaldi berriak. Bere etorkizuna erabakiko duten horiengatik daukat esperantza”. Baina, esperantzak konpromisuak ere behar dituela argi azpimarratu du: legeak, ardurak, gatazkak, borrokak, pausuak, balorek, adostasunak, “baldin eta inoiz gauzatuko bada”.

Jarraian, Sol Band Palestinako taldeak abesti hunkigarria jo, eta ondoren ezin izan zen falta Txoriak txori abestia milaka lagunen ahoetan. Bukatzeko Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak eta Irantzu Perello zuzendaritzako kideak irakurri zuten manifestua.

“Helmuga argi daukagu: herri libre bat izatea, bere etorkizuna erabakitzen duen herri burujabe bat izatea. Bidean gaude. Bidean aurrera egiten ari gara”, adierazi zuen pozik Perellok. Euskara eta euskal kultura indartea eta biziberritzea, herritarren bizi baldintzak duintzea… ahalik eta arlo gehienetan Euskal Herriak burujabetza behar duela gogorarazi zuen “arazoei aurre egin eta erronkei erantzuteko gaitasuna irabazteko, herritar guztien bizi baldintzak hobetzeko”.

Etxaburuk “momentu historikoa” bizitzen ari direla adierazi zuen: “Nahi duguna izan eta nahi dugun herria eraikitzeko atakan gaude. Ekin diezaiogun zereginari beldurrik gabe. Ekin diezagun itxaropenez, anbizioz, eta elkarrekin”.

Horretarako oinarria dagoela gaineratu zuen Gure Eskuko bozeramaileak: “Milaka lagun gaude bultzatzeko eta parte hartzeko prest. Milaka herritar prest gaude burujabetzaren haize errota hauspotzeko eta gure herriaren oihal zatikatua josteko. Haizea gara, jostunak gara. Imajinatu libre. Bai, gure herria libre imajinatzen dugu. Segi dezagun Euskal Herri libre eta burujabe hori eraikitzen!”.

Imajinatu Libre kantarekin amaitu zen ekitaldia, baina egitarauak jarraitu zuen Iratzar erromeriarekin eta Bilbo Kantarekin.