Sader eta Profersa enpresen jarduera eteteko eskatu dute

uriola.eus 2025ko eka. 13a, 12:30

Udaletxearen aurrean atzo, hilak 12, egindako elkarretaratzean gogorarazi dute Sader eta Profersa enpresen jarduera eteteko ez dagoela datarik, eta ezinbesteko dela, izan ere, euren osasuna eta bizitza-kalitatea larri kaltetzen duen arazoa da.

Urte luzez euren osasuna eta bizitza-kalitatea larri kaltetzen duen arazo bati berehalako irtenbidea eskatzeko elkartu ziren atzo, hilak 12, auzo-elkarteak, gizarte-erakundeak eta ekologisten taldeak. “Gaur-gaurkoz, ez dago Sader eta Profersa enpresen jarduera eteteko behin betiko datarik Bilbon”, salatu dute eta urteak daramatzatela hori eskatzen.

Udaletxearen aurrean egindako elkarretaratzean gogorarazi dute orain dela 10 urte Bilboko Udalak hirigintza-hitzarmena sinatu zuela Saderren jarduera aurreratzeko Zorrotzako puntan. “2025ean gaude, eta oraindik ez dakigu noiz amaituko den hondakin arriskutsuen tratamendua gure etxebizitzetatik metro gutxira”, argitu dute.

“Instalazio zaharkitu horiek etengabe funtzionatzen dute, gau eta egun, etenik gabe”, salatu dute, eta euren egunerokoa beraz kutsadurak eta ziurgabetasunak markatzen dutela. Ezin dituzte leihoak lasaitasunez ireki, eta are gutxiago orain, uda iritsi dela: “Egun zein gau, ez gara ausartzen gure etxeak freskatzera, beldur garelako noiznahi sartuko ote diren begiak, eztarria eta burua narritatzen dizkiguten gasak”, diote.

Horren aurrean, “leihoak ireki eta aire duin bat arnasteko eskubidea dugu” aldarrikatu dute, bai eta  behin betiko amaiera-data bat ezartzea ezinbestekoa dela.

 

Ikus-entzunezko ekoizpen askoren eszenatoki

“Sader eta Profersa ez dira zientzia-fikziozko film bateko dekoratuak”, nabarmendu dute, izan ere, “benetakoak” dira eta urtean 78.000 tona hondakin arriskutsu baino gehiago tratatzen dituzte.

Azken urteetan Bilbo ikus-entzunezko ekoizpen askoren eszenatoki bihurtu da, baina benetako telesaila beste bat dela adierazi dute:  “instituzioen utzikeriaren eta herritarren nekea adierazten duen istorio amaigabea, ingurumen- eta osasun-larrialdi jasanezin batean murgilduta jarraitzen dugun historia bat”. Duela hamarkada bat baino gehiago hasi zen telesaila oraindik ere sufritzen jarraitzen dutela salatu dute.

“Ez da industria abandonatu baten paisaia, ezta zinema-dekoratua ere: benetako jarduera bat da, arrisku handiekin eta ondorio larriak dakartzana biztanleriarentzat”, azpimarratu dute Bilboko auzotarrek, eta ez dutela “beldurrezko film baten benetako protagonistak” izan nahi.

 

Arazoaren kronologia 

  • 2012ko martxoa: “Usainen Mahaia” izenekoaren azken bilera egin zen, airearen kalitatearen inguruko jarraipen- eta elkarrizketa-gune egonkor bat sortu gabe eta auzo-elkarteek eskatutako osasun-azterketa epidemiologikoak baztertuta.
  • 2015eko iraila: Bilboko Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Sader-en jarduera Punta Zorrotzan amaitzeko prozesua bizkortzeko. Gaur egun, konpromiso hori ez da bete.
  • Urtez luzez egindako 112ra egindako dei etengabeak, usain jasanezinengatik eta arnasa hartzeko aire egokirik ezagatik, eguneroko errealitatea dira askorentzat.
  • 2022an eta 2023an, Saderrek baimendutako hondakin arriskutsuen kopurua gainditu zuen.
  • 2024an, bi istripu gertatu ziren, eta horrek behin-behinean itxiarazi zuen ongarri- planta.
  • Azken ikuskapenek adierazi dute airearen, uraren eta lurzoruaren babes-neurriak ez direla betetzen, eta prebentzio- eta hondakin-kudeaketa-neurrietan hutsune larriak daudela.
  • Aste honetan bertan, Zorrotzako institutuko ikasleek zientzia herrikoiaren proiektu batean parte hartu dute eta frogatu dute beren geletako airea ez dela osasungarria.