La Vueltaren “Bilbao-Bilbao” etapa aurkeztu dute gaur, hilak 9. Etapak 157,4 kilometro izango ditu, eta La Vueltaren hamaikagarrena izango da. San Mames estadioaren ingurunetik abiatuko da irailaren 3an, arratsaldeko 13:30ean, eta Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusian amaituko da 17:20tik aurrera.
Gaur goizean egindako aurkezpenean Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Juan Mari Aburtok, Bilboko Alkateak; eta Javier Guillenek, La Vueltako Zuzendari Nagusiak, Bilbao-Bilbao etaparen ibilbide zehatzaren berri eman dute, hain zuzen ere, hirian eta lurraldean egingo dena.
Ibilbideak Bizkaiko lurraldeko leku hauek zeharkatuko ditu: Arratzu, Basauri, Bilbao, Bermeo, Busturia, Derio, Erandio, Etxebarri, Forua, Galdakao, Gatika, Gernika-Lumo, Larrabetzu, Laukiz, Lezama, Loiu, Mendata, Meñaka, Morga, Mundaka, Mungia, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Murueta, Muxika, Sondika, Sukarrieta eta Zamudio. Ibilbide honetan errepikatu egingo da 2023ko Frantziako Tourraren Gran Départ irteerako lehenengo etapa, hain zuen ere Bilbon hasi zena.
‘Bilbao-Bilbao’ etapa San Mames estadioaren ingurunetik abiatuko da 13:30ean. Lasterketa neutralizatuta aterako da Bilbotik, Euskalduna zubitik, Loiuraino, bertan kokatuko baita etaparen hasiera (13:51h), eta Mungiara joko du gero. 14:32ak aldera, txirrindulariak Bermeora iritsiko dira, aldez aurretik Sollube, 301 metroko desnibela duen hirugarren kategoriako mendatea igo ostean. Etapari Sollube gaineko igoera gehitu diote Jesus Loroñoren aldeko omenaldiaren parte izan dadin; izan ere, mendi horren gailurrean dago kokatuta txirrindulari ospetsuaren oroimenezko monumentua.
Sollubez gain, mendate hauek zeharkatuko ditu etapak: Laukiz (183 metroko desnibela), Bizkaiko begiratokia (235 metroko desnibela), Morga (290 metroko desnibela), Elorritxueta (351 metroko desnibela duena eta bi aldiz igo beharko dutena) eta Pike Bidea (204 metroko desnibela).
Txirrindulariak Bizkaiko hiriburura iritsiko dira 17:20-17:41 inguruan: Euskalduna zubitik sartuko dira eta helmuga Kale Nagusian izango dute zain (Gregorio de la Revilla kalearen parean). Hurrengo etapa, hamabigarrena, irailak 4an abiatuko da Laredotik.
Jesus Loroño txirrindulari bizkaitarrari omenaldia
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak jakinarazi dute, gainera, etapa honetan Jesus Loroño txirrindulari bizkaitarra omenduko dutela, bere jaiotegunaren (1925eko urtarrilak 10) ehungarren urteurrena bete den honetan.
Jesus Loroñok 1957an irabazi zuen ordu hartan Espainiako La Vuelta deiturikoa. Lasterketa hura Bilbo eta Gasteiz lotzen zituen etapa batekin hasi zen, eta Donostia eta Bilbo arteko 193 km-ko beste etapa batekin amaitu zen. Bere kirol-ibilbidean, Loroñok 65 garaipen lortu zituen profesional aritu zen hamasei denboraldietan.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, bere hitzaldiaren hasieran, eskerrak eman dizkie Javier Guilléni eta Jesus Loroñoren senideei ekitaldian parte hartzeagatik, eta esan du espero duela irailaren 3an Bizkaia zeharkatuko duen etapa 1957ko Vueltako irabazleak izan zuen maila bera izatea.
Josu eta Idoia Loroño, Jesus Loroño omenduaren seme-alabak, aurkezpen-ekitaldian izan dira: “Loroño familia osoa, seme-alaba eta bilobak, oso pozik eta eskertuta gaude gure aitari omenaldia egingo diotelako bere jaiotegunaren mendeurrenean. Gure aita La Vueltako historiaren protagonista handienetako bat izan zen eta, urteek aurrera egin arren, haren lorpenak oraindik ere gogoan ditugu”, esan du hunkituta Josu Loroñok familiaren izenean.
90. urteurrena
2025 La Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra lehiatuko da. Piemonten abiatuko da, mendien magalean eta Alpeak atzean dituela, eta Italiako eskualde horrek hartuko ditu osorik aurtengo edizioaren lehen hiru etapak. Berezia izango da lasterketa prestigiotsuaren aurtengo edizioa, 90. urteurrena ospatuko baitu.