Gutxi falta da Marijaia Arriaga Antzokiko balkoian lehen aldiz ikusteko, eta beraz, gutxi falta da Erasoen aurkako udal estrategia aktibatzeko. Larunbatean bertan aktibatuko dute txupina jaurtitzean. Aurten ere Errespetu Nagusia lelopean, "Bilbo, hiri konprometitua eta eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikorik gabekoa" adierazi du Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak.
Gaur goizean, hilak 13, Arriaga Antzokian egindako agerraldian Bilboko Udalak, Bilboko Konpartsek eta gizarte-eragile askok, eraso matxista, arrazista eta LGTBIfobikoak prebenitzeko eta desagerrarazteko estrategia integralari buruzko zehetasunen berri eman dute. Bertan, Juan Mari Aburto alkateak, Itziar Urtasun Berdintasuneko eta Jaietako zinegotziak eta Eneritz Enderika Bilboko Konpartsak elkarteko ordezkari batek parte hartu dute.
Bilboko alkateak azpimarratu du garrantzitsua dela Bilboko jaien eredua indartzen jarraitzea espazio libre eta seguru gisa. Gainera, erantzukizun kolektiboa aipatu du: "ASTE NAGUSIA munduan bakarra izaten jarraitzea nahi badugu, frogatu egin behar dugu. Gure jarreraz, erantzukizunaz eta elkarlanaz".
Jaietako eta Berdintasuneko Sailak bultzatutako Udal Estrategia hau, Udaltzaingoaren eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren laguntzarekin egin da. Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotziak adierazi du errespetua funtsezkoa dela jai libreak lortzeko, askatasunen bizitzeko eta jaiak gozatzeko. Gazteenei, bereziki gazte mutilei, esan die "ez dugula zuen konplizitatea nahi, ezta zuen isiltasuna ere. Zuen ausardia nahi dugu. Zuzena ez den zerbait ikusten duzuenean, hori ondo ez dagoela esatea". Eneritz Enderika Bilboko Konpartsak elkarteko ordezkariak bat egin du adierazpen horrekin: “Ez gaitezen izan konplize, ez gaitezen isildu, zaindu dezagun elkar”.
Bestalde, 2022tik, Udalak PUNTU MOREAK izenekoak zabaltzen ditu kontzertu-guneetan: Abandoibarra eta Europa parkea, Plaza Barria, Casilda Iturrizar parkeko pergola eta Plaza Biribila. Eraso sexistei buruzko eta gorroto, arrazakeria eta LGTBIQ+fobia izaerako erasoei buruzko prestakuntza jaso duen pertsona talde bat da. Arreta eta laguntza eskainiko dizkie behar duten pertsonei. Halaber, eranskailu batzuk diseinatu dira, telefono mugikorraren atzealdean eta komun publikoetan jartzeko, arreta behar izanez gero edo erasoak salatu behar izanez gero erabilgarri dauden telefono-zenbakiak erraz eta azkar ikusteko.
Baliabideak eta materiala
Gorroto-erasoei, eraso arrazistei eta eraso LGTBIQfobikoei dagokienez, hala behar duten pertsonek, biktima izan direnek edo lekuko izan direnek 24 orduko Arreta eta Aholkularitza Zerbitzua izango dute bederatzi jai-egunetan, talde espezializatuekin. Zerbitzua jasotzeko bidea GLUZ edo Udaltzaingoa ere izan daitezke. Udalak ere 112 SOS DEIAK aplikazio mugikorra izango du martxan. Tresna horren bidez, erabiltzaileek gorabehera baten berri eman ahal izango diote larrialdietako zentro bateratuari. Zentro horrek behar diren baliabideak mobilizatuko ditu, bai segurtasunari dagokionez, bai babes zibilari dagokionez, eta larrialdien kudeaketaren efizientzia hobetuko du.
Aste Nagusiaren edizio honetan, gertakari matxisten, arrazisten eta LGTBIQ+fobikoen hiru aholkularitza- eta jarduketa-protokoloak argitaratu dira berriz. Dokumentu horietan, prozedura argi eta egituratu bat jasotzen da, indarkeria matxistarekin, arrazakeriarekin edo LGTBIQ+fobiarekin lotutako edozein gertakari jasaten duten pertsonei arreta emateko. Biktima erdigunean jartzen da, eta arreta eta orientazio integral pertsonalizatua eta kalitatezkoa bermatzen da, biktima bakoitzaren eta bizikidetza komunitarioaren beharrei erantzunez.
Era berean, informazio baliotsua da modu horretako gertaeren lekuko izan den edozein pertsonak erasoa detektatzeko, eta nola jokatu eta lagundu jakiteko. Bilboko Aste Nagusian Bilbon bizi diren edo hiria bisitatzen duten ahalik eta pertsona gehienengana iristeko, hiru protokolo horiek zortzi hizkuntzatan egongo dira eskuragarri: euskaraz eta gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, arabieraz, txineraz, errumanieraz eta portugesez.
Gainera, Udalak eta Bilboko Konpartsak-ek, jaiei lotutako entitateekin batera, Aste Nagusian eraso matxistak gertatzen direnerako aholkularitza- eta jarduketa-protokoloa berritu dute, eta kulturartekotasunaren eta LGTBIQ+aren ikuspegia txertatu dute. Enderikak gaineratu du irmotasunez gaitzetsiko del edozein eratako eraso. “Jaietan pertsona guztiak dira ongi etorriak, baina ez jarrera guztiak”.
Aste Nagusiaren edizio honetarako eguneratutako beste material bat, horrelako egoerak identifikatzeko eta haien aurrean nola jokatu behar den jakiteko sortua, eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikoen aurkako INFORMAZIO-GIDA da, eta euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago. Argitalpen horretan, gisa horretako erasoak zer diren azaltzen da eta detektatzen laguntzen da, eta halakoak prebenitzeko eta aurre egiteko gomendioak jasotzen dira.
Material horiek (protokoloak eta gida) bertsio digitalean eskuragarri egongo dira, gailu mugikorretarako deskargatzeko moduan, "Bilboko 2025ko Aste Nagusia" aplikazio ofizialean. Modu berean, udalaren webgunean argitaratuko dira.
Erasoen aurkako Udal Estrategia honek prebentzioaren eta komunitatearen aldeko lanaren aldeko apustuari erantzuten dio. Udako hilabeteetan, hainbat prestakuntza- eta informazio-saio egin dira Bizkaiko hiriburuan lan egiten duten elkarte eta entitateekin, merkatarien elkarteekin, ostalaritza-lokalekin, hotelekin, feriariekin, segurtasun- eta garbiketa-zerbitzuekin, garraiolariekin, festarekin zerikusia duten eragileekin (hala nola Konpartsak), eta beste entitate eta elkarte sozial batzuekin. "160 pertsona baino gehiago trebatu dira erasoen, indarkeria matxisten eta gorroto-gertakarien aurka. Uste dugu trebakuntzak eragin biderkatzailea duela eta onuragarria dela herritarrentzat", zehaztu du Itziar Urtasunek.