Aisialdia seguruagoa egiteko bidean: Erasoen Aurkako Protokoloa martxan

Asier Cobos 2025ko ira. 9a, 08:55

“Adingabeen aisialdia ezin da segurtasunik gabe ulertu”, diote Kukulaisiko kideek aho batez. Horri erantzunez, 2024an sortu zuten Erasoen Aurkako Protokoloa, elkarteko bazkide guztien —Berbaizu tartean— elkarlanean. Aurten, 2025ean, dokumentua ofizialki jarri da martxan, eta tresna praktiko eraginkorra bihurtuko da aisialdiko dinamiken baitan.

Protokoloak, bere osotasunean, tresna sistematizatua eskaintzen du aisialdiko espazioetan indarkeria egoerak prebenitu eta modu eraginkorrean kudeatzeko. Bere sorreraren abiapuntua ez da soilik borondate etikoa izan, baita behar zuzena ere; hain zuzen ere, 2021eko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak ezarritako betebeharra (Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren Aurka Babesteko Babes Integrala). Lege horrek modu esplizituan behartzen ditu haurrekin eta nerabeekin lan egiten duten erakunde guztiak indarkeria prebenitzeko eta eraso egoerei erantzuteko protokoloak edukitzera. Hala ere, elkarteko bazkideek ez zuten protokoloa derrigortasun huts gisa ulertu. Are gehiago, bazkide elkarte askok beren kezka eta behar zehatzak adierazi zituzten, benetazko premia baitzutelako. Horrenbestez, tresna erreal eta erabilgarri bat diseinatu dute, testuingurura egokitua eta praktikotasunez hornitua.

Egitura argia du dokumentuak, printzipio orokorretatik eta jardun zehatzetaraino. Honako elementu giltzarri jasotzen ditu: hezitzaile guztiek derrigorrez jaso beharreko formakuntza, kontratazioetan sexu-deliturik gabeko ziurtagiria aurkezteko betebeharra, eta, batez ere, babes-ordezkariaren figura udalekuetan. Azken hau da protokoloaren bizkarrezurra, erasoren baten aurrean, hark hartzen baitu ardura lehen erantzuna emateko; alegia, protokoloa martxan jarri eta parte-hartzaileen segurtasuna bermatze aldera. Bere eginkizuna ez da soilik teknikoa. Konfiantza giroa eta zaintza kultura eraikitzen laguntzen du, eta konfiantzazko erreferente da.

Era berean, erasoen sailkapen argia egiten da (arinak, larriak eta oso larriak) eta kasu bakoitzean jarraitu beharreko urratsak ezartzen dira. Konfidentzialtasuna, errugabetasun-presuntzioa eta biktimekiko begirunea bermatzen dira une oro, eta gertaeren erregistro ofiziala eta jarraipen sistematikoa ezartzen dira datu-base baten bidez. Familiaren inplikazioa ere aurreikusia dago, informazioa argitasunez eta gardentasunez komunikatuz; eta, noski, mindutako pertsonaren ongizatea erdigunean jarriz.

Laburbilduz, protokoloa ez da soilik legezko betebehar baten egite hutsa, aisialdia bizitzeko modu bat berrasmatzeko aukera baizik: seguruagoa, errespetuzkoagoa eta hezitzaileagoa.

 

Lanketa sakona

Erasoen Aurkako Protokoloa ez da hutsetik sortu. Azken urteotan gero eta kezkatuago dira aisialdiko hezitzaileak, antolatzaileak eta parte-hartzaileak: “Hainbat eraso egoera modu ez-formalean tratatzen genituen, baina ez geneukan horiei erantzuna emateko tresnarik”, azaltzen dute Kukulaisiko elkarteko kideek. Horregatik, 2023aren amaieran, Elkartea osatzen duten bazkideek —Berbaizu barne— protokolo bat diseinatzeko prozesua abiatu zuten. Elkarteen arteko elkarlana eta adituen ekarpenak oinarri hartuta, urtebete baino gehiagoko lanketa izan du dokumentuak.

Lehenengo proba praktikoa 2024ko udan egin zen. Udalekuetan, protokoloa aktibatu ahal izateko informazioa partekatu egin zen: hezitzaileen formakuntza beharra, babes-ordezkarien izendapena eta parte-hartzaileen familiek horren berri izatea. “Ez zen test huts bat, benetan aplikatu genuen”, adierazi dute bazkideek. Esperientzia horrek honako gogoeta esanguratsu hau utzi zuen: halako tresnak beharrezkoak dira, eta funtzionatzen dute.

Aurten, 2025ean, dokumentua birdiseinatu eta erabilgarri jarri da aisialdiko elkarte guztientzat. “Protokoloa ez da soilik agiri bat. Tresna bat da, hezitzaileen, gurasoen eta parte-hartzaileen esku dagoena, denon ardura delako aisialdian segurtasuna bermatzea”, diote sortzaileek.

 

Urrats bat komunitate seguruago baterantz

Protokoloaren indarra ez datza soilik dokumentuan, baizik eta horren atzean dagoen jarreran: segurtasuna, errespetua eta zaintza erdigunean jartzen dituen kulturan. Elkarteen arteko saretzea, tokiko eragileekin koordinazioa eta prestakuntza etengabea funtsezko osagaiak dira.

Berbaizuk eta Kukulaisiko gainontzeko elkarteek badakite oraindik asko dagoela egiteko. “Protokoloa martxan dago, baina hobetzen jarraitzeko jaio da. Errealitatera egokitzen ez bada, ez du zentzurik”, ohartarazi dute.

Elkarteak sortutako protokoloa tresna praktikoa da, baina, aldi berean, adierazpen politiko eta pedagogikoa: “Ez dugu onartzen aisialdia arriskutsua izatea. Ez dugu erasorik onartzen. Ez dugu onartzen gazteek isildu behar izatea. Eta ez dugu onartzen hezitzaileek euren kabuz kudeatu behar izatea egoera larriak, tresnarik gabe”.

Berbaizu eta Kukulaisiko gainontzeko elkarteek, eguneroko lanean, erakutsi dute posible dela komunitate bat eraikitzea non zaintza, euskara eta parte-hartzea eskutik doazen.

Uda honetan, protokoloa martxan egon da udalekuetan. Eta horrekin batera, beste aisialdi eredu bat: “Justuagoa, seguruagoa eta parte-hartzaileagoa”.