IV. Hiru Hiriburuak txapelketa datorren irailaren 27an, larunbat honetan, hasiko da Gasteizko Beti Jai frontoian. Aurreko edizioetako harrera bikainaren ondoren, aurten marka berri bat gaindituko du, lau kategorietan lehiatuko diren 70 emakume pilotarirekin.
Pasa den astean Bilboko Udaletxean egindako aurkezpenean, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak, Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kiroleko zinegotziak, Ana López de Uralde Vitoria-Gasteizko Udaleko Kiroleko zinegotziak eta Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Kiroleko zuzendariak emakumeen Hiru Hiriburuak 2025 pilota-txapelketaren xehetasunen berri eman zuten.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako Udalek eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako txapelketa honek Bilbo, Donostia eta Gasteiz batuko ditu. Txapelketa guztiz irekia izan da, eta parte hartu nahi izan duten emakume guztiek izena emateko aukera izan dute. Aukera hau zabalagoa izan dadin eta emakume bakoitzak bere errealitate eta beharretara egokitzen den lehiaketa bat izan dezan, txapelketa 4 kategoriatan banatuko da: hasiberriak, gazteak, promesak eta eliteak, laurak ere pilota mistoarekin.
Elite kategoriari dagokionez, aurten 8 bikotek hartuko dute parte: Etxegarai-Gaminde, Arrizabalaga-Bergara, Zabaleta-Mendizabal, Arraiza-Capellán, Ibarrola-Betegi, Salsamendi-Bertiz, Aldai-Erasun eta Uriarte-Pérez. Zabaleta-Mendizabal bikoteak irabazi zuen 2024an.
Lehiaketa, beraz, irailaren 27an hasiko da Gasteizko Beti Jai pilotalekuan, eta egun osoan zehar pilota-maratoia antolatu dute. Bertan, kategoria guztietako aldez aurreko kanporatzeak jokatuko dira, eta aurrera ateratzen direnek urriaren 5ean izango dute hurrengo hitzordua, Bilboko Esperantza frontoian, emakumeen eskupilotarako kantxa berezi batean. Finalak urriaren 12rako iragarrita daude, Donostiako Atano frontoi historikoan.