Gure Eskuk Euskal Herria Lau Haizetara ekimena abiatuko du gaur, hilak 7, Gernikan, Elai-alai aretoan, arratsaldeko 18:30ean. Helburua da, bilera irekien bitartez, gaur egungo testuinguru politikoa eta Gure Eskuk 2025/2026an martxan izango dituen dinamikak herritarrekin partekatzea.
Pasa den urriaren 4an Zornotzan egindako aurkezpenean, nazio mailako bilera irekian, Euskal Herria Lau Haizetara ekimenaren lan-urte honetako ekintzen inguruan aritu dira Euskal Herri osotik iritsitako hainbat lagun.
Gernikako ekitaldiaren ostean, Tolosan egingo da hurrengo bilera irekia ostegun honetan, urriaren 9an. Ondorengo astean, bestalde, Altsasun, Bilbon eta Etxebarrian izango da hitzordua. Horrela, urtea amaitu bitartean, dinamika Euskal Herriko eskualde guztietara zabaltzeko asmoa du Gure Eskuk. Bilerak herritar guztiei zuzenduak dira eta, beraz, Gure Eskuk parte hartzeko deia egin du.
Gure Eskuk gogorarazi du euskal lurralde guztietan gaur egungo autogobernu mailak gainditzeko eta burujabetzan aurrera egiteko prozesu ezberdinak daudela martxan. “Horregatik, ezinbestekoa da, batetik, egoera horri buruz gogoeta egitea eta herritarren iritzia entzutea, eta bestetik, denon artean hauspoa ematea, hemen bere buruaren jabe izan nahi duen nazio bat dagoela erakustea elkarrekin. Komunitate bat garelako, dagozkigun gai guztiez erabaki nahi dugulako eta XXI. mendeko erronkei aurre egiteko tresnak behar ditugulako”, adierazi du Gure Eskuk. Hain zuzen ere, helburu hori du Euskal Herria Lau Haizetara ekimenak: herritarrekin solastea eta burujabetza osoaren bidea bultzatuko duten dinamikak diseinatzea.