Euskal Herri osoko familiak lehenengo aldiz elkarrekin bilduko dira Altxa Buruko topaketa handi batean larunbat honetan, hilak 25, Eibarren. Helburu nagusia indarrak batu, eraberritu eta mugimenduak lortu dituen lorpenak eta ekimenak gizarteratzea da. Eibarreko Hezkuntza Esparruan izango da, eta goizeko 10:00etan hasi eta eguerdiko 13:00ak arte luzatuko da I. Topaketa Orokorra.
Altxa Burua herri-mugimendua haurren eta nerabeen artean telefono mugikor adimendunek eragiten zuten kalteen kezkatik abiatu zen. Urteen poderioz eta egoera “larritzen” joan den heinean, kezka hori eta ekimen desberdinak zabaltzen joan dira, eta horrela, erabaki zuten Altxa Burua aterkipean elkarrekin ekitea. Gauzak horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Altxa Buruko hiru taldeek handiek (Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiak) eta Nafarroako hainbatek bat egingo dute lehenengo aldiz larunbat honetan.
Herritik, batez ere, gurasoetatik jaiotako mugimendu boluntarioa da Altxa Burua. “Azken hamarkadan burututako ikerketek argi erakusten dute nerabezaroan mugikor adimendunen erabilerak ondorio lazgarriak ekarri dituela oro har belaunaldi berrien garapenean, adimenean, ongizatean eta osasunean; batez ere beraien buru osasunean”, adierazi du mugimenduak. Datuek erakusten dute ez dela zaurgarritasun partikular bat, baizik eta eragina orokorra dela: “Osasun publikoko arazo baten aurrean gaude, eta elkarrekin erantzun behar diogu”.
Bestalde, hezkuntzaren digitalizazioak ere piztu du kezka familien artean, hori dela eta, lanketa sendo bat egin da horren inguruan eta ekintzetara igarotzeko proposamen marko bat burutu.
Topaketa, urriaren 25ean
EAElp Añtxa Buruaren lehen topaketa orokorran, beraz, hezkuntzaren digitalizazioaren inguruan aditu talde independente batek burutu duen 400orriko txosten zientifikoa du eta horren laburpena den gida aurkeztuko dituzte. Topaketaren ostean 12.000 ale zabalduko dira, Euskal Herriko hezkuntza komunitate bakoitzean hausnarketa burutu dadin.
Horrekin batera, heziketa baliabideak eta familientzako interesgarriak izango diren azalpenak eta materialak emango dira, eta goi- mailako hizlari baten hitzaldia emango da.