Bilboko Udalak Bilborganik kanpaina jarri du martxan hirian hondakin organikoak biltzeko kudeaketa-eredu berria zabaltzeko. Bilbo zaintzea organikoa da lelopean, ekimen honek Bilbo jasangarriago bat bultzatzen du, eta herritarren parte-hartzea errazten du, tresna digitalen eta aurrez aurreko arretaren bidez. Gainera, zerga-onurak eskaintzen ditu sistema behar bezala erabiltzen dutenentzat.
Aurrerapauso bat da hiri-hondakinen kudeaketan, Europako eta Estatuko arlo horretako araudi berriekin bat datorrena, zeinak nahitaez bete behar diren. “Arau-esparru horrek ikuspegi berri bat sustatzen du, bai eta ereduak eta bizimoduak aldatzea ere, premisa argi batekin: hondakin gehien sortzen duenak gehiago ordaintzen du”, adierazi du Udalak.
Erabiltzaile berriek, alta hartutakoan, aplikazioaren bidez erabaki ahalko dute zer nahiago duten: txartel fisikoa erabili, ala telefono mugikorrean txartel birtual bat deskargatu. Etxebizitza bakoitzeko txartel fisiko bakarra egongo da; birtualak, berriz, sisteman alta hartzen duen pertsona bakoitzeko bat. Txartel birtualak deskargatu eta hurrengo egunean erabili ahal izango dira; aldiz, txartel fisikoa eskatzen dutenek etxean jaso arte itxaron beharko dute, edo aukeratu duten udaltegian jaso. Txartel fisikoek zein birtualek aukera emango dute edukiontzi marroian egindako ekarpenen jarraipena egiteko. Eta horixe da, hain zuzen ere, sistema berriaren berrikuntzetako bat.
Sisteman izena emateko bide bat baino gehiago eskainiko da bilbotar guztiengana iristeko. Herritarrek abenduaren 31a baino lehen hartu beharko dute alta, baldin eta hondakinen tasa berrian 2026rako ezarritako % 10eko hobaria baliatu nahi badute. Horrela, eta alta eman nahi duen pertsona orok horretarako aukera izan dezan, Udalak hiru bide jarriko ditu: aplikazio mugikor berria, eta nahikoa da Bakq ziurtagiria indarrean edukitzea; webgune espezifikoa, Bakq-rekin hau ere eta kanpainari buruzko informazio guztia jasoko du; eta modu presentziala gaitutako makinetan, Bilboko barrutietako 15 udaltegietan, Bilbao Kirolak-en hamaika kiroldegietan, Azkuna Zentroan, Zabalgune eraikinean eta San Agustin eraikineko bulegoetan.