Euskal Selekzioak eta Palestinakoak datorren azaroaren 15an, arratsaldeko 20:30ean, San Mamesen jokatuko duten futbol partida dela-eta, Gu ere bai!, Gure Esku eta Gernika Palestina plataformek “Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina” adierazpena egin dute. Horretan kirola, herrien eskubideak eta nazioarteko elkartasunaren inguruko gure mezua zabaldu dute.
Euskal herritar guztiei dei egin diete azaroaren 15ean Bilbora gerturatzeko eta partidaz gozatzeko. Gainera, Herri libreak. Euskal Herria Palestina. Genozidioa stop! lelopean elkartasun martxan parte hartzeko deia egin dute. 17:30ean hasiko da Arriagatik abiatuko da Bilbo izan dadin genozidioaren kontrako eta herri libreen aldeko elkartasun oihu erraldoia.
Elkartasun martxa hau palestinarrekin batera antolatu nahi izan dute. Euskal Herrian bizi diren palestinar askorentzat egun historikoa izango denez, Gernika-Palestinak haientzako ehun sarrera baino gehiago erosi ditu, baliabiderik ez izan arren palestinarrik ez dadila geratu partida ikusi barik.
Adierazpenean, gehitu dute herri libreak nahi dituztela munduan: Euskal Herri librea, Palestina librea. “Pertsona guztien eskubide guztiak bermatzen dituen mundu bat nahi dugu”. Horregatik, diote euskal herritarrek eta palestinarrek bakean eta askatasunez bizitzeko eta beren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dutela.
Kirola elkartasuna sustatzeko tresna erabiliko dute datorren azaroaren 15ean. “Kirolaren berezko eta jatorrizko balioak nabarmendu nahi ditugu, topagunea delako eta bizipenak elkarrekin partekatzeko eremua”, adierazi dute, eta horregatik, Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partida mundu osoari elkartasun eta bakearen aldeko mezu izatea nahi dute Gu ere bai!, Gure Esku eta Gernika Palestina plataformek.
Era berean, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatuko dute: “Euskal Herriak, Palestinak bezala, eskubidea du bere selekzioa nazioarteko txapelketetan modu ofizialean lehiatzen ikusteko”. Hori dela eta, dei egin dute hainbat eremutan egindako urratsak futbolean eta gainerako kiroletan ere egiten ahalegintzeko.
Adierazpenarekin bat egiteko www.guerebai.eus en formulario bat eta gernika.palestina@gmail.com e-posta erabil daiteke.
Gogorarazi dute ekimena koloretsua izango dela, transbertsala eta nahi duen eragileentzako zabalik. Egunean zehar beste ekimen batzuk egongo dira.
