Bilboko Udalak berriro jarri du abian "BIRZIKLATU!" kanpaina, Mugimendu geldiezina. Birziklatu! Eta batu mugimendu zirkularrera lelopean. Hilabete batez, abenduaren 9ra arte, ingurumen-hezitzaile bi hiriko auzoetatik ibiliko dira, zalantzak argitzeko, informazio praktikoa eskaintzeko eta birziklatzeari buruzko oinarrizko kontzeptu batzuk gogorarazteko, batez ere, edukiontzi horiaren eta urdinaren hondakinei lotutakoekin.
Ekipoa erakustoki ibiltari batean jarriko da, erraz ezagutzekoa izango dena, eta edozein pertsona hurbildu ahal izango da ikasteko, galdetzeko edo, besterik gabe, bere esperientzia partekatzeko. Helburu horrekin, ingurumen-hezitzaileek hondakinen gaikako bilketari buruzko mota guztietako informazioa emango dute.
Ecoembesen eskutik egindako kanpaina da hau. Ecoembes irabazi-asmorik gabeko ingurumen-entitate bat da, estatuan plastikozko ontziak, latak eta brik motako ontziak (edukiontzi horia) eta kartoizko ontziak eta papera (edukiontzi urdina) berreskuratzeko eta birziklatzeko eginkizuna koordinatzen duena.
Aholku nabarmenak
Helaraziko diren mezuen artean, funtsezko aholku batzuk nabarmentzen dira, hala nola:
- Ontziak dagokien edukiontzira eraman behar dira beti, zikin egon arren –esaterako kontserba-latak, jogurt-ontziak edo pizza-kutxak–.
- Ontzi txikiak ere garrantzitsuak dira: esneki postreen bilgarriak edo ontziak, besteak beste, behar den lekuan utzi behar dira.
Gainera, erakustokira hurbiltzen direnek kanpainaren photocallean argazki bat atera eta sare sozialetan partekatu ahal izango dute. Mezua zabaltzen laguntzen duten pertsonek opari txiki bat jaso ahal izango dute esker on gisa.