EginTtap! lehiaketaren III. edizioan izena emateko epea zabalik

uriola.eus 2025eko azaroaren 7a

EginTtap! lehiaketaren III. edizioa azaroaren 20tik 26ra izango da, eta izen-ematea zabaldik dago, gaurtik azaroaren 17ra. Emaitza onenak lortzen dituzten taldeek aurrez aurreko finala ospatuko dute, abenduaren 5ean, Durangoko Azokan.

EginTtap! lehiaketaren III. edizioa azaroaren 20tik 26ra izango da. Egun horietan zehar, haurrek eta helduek taldeka elkarrekin galderei erantzunez arituko dira: 7 egun, 7 galdera eta 7 minutu. Parte hartzaileek 9-12 urte bitarteko haur-taldeak eratu beharko dituzte, talde bakoitzeko 5-6 pertsona, taldearen arduraduna beti ere pertsona heldu bat izango delarik.

Erantzun beharreko galderak askotarikoak izan daitezke: kultura, natura, musikagintza, geografia… Quizz dibertigarria izango da, zeinak euskaraz ondo pasatzeko tartea sortuko duen. Emaitza onenak lortzen dituzten taldeek aurrez aurreko finala ospatuko dute, abenduaren 5ean, Durangoko Azokan.

EginTtap! lehiaketan izen-ematea zabaldik dago, gaurtik azaroaren 17ra. Kukulaisi Aisialdirako Topaguneak, egitasmoaren antolatzaileak, Euskal Herriko haur eta helduei dei egin die lehiaketan parte hartzera.

 

Aisialdi elkarteak saretzeko topagunea

Egitasmoa Kukulaisi Aisialdirako Topaguneak antolatzen du, bere elkarte-bazkideekin batera. Aisialdi elkarteak saretzeko topagunea da Kukulaisi, Euskal Herri luze eta zabaleko 18 elkartek osatzen dutelarik, aisialdi euskaldun, hezitzaile eta berritzaile baten alde lan eginez. Gure bazkide dira:

  • Bizkaian: Berbaizu Euskara Elkartea, Berbaro Elkartea, Bizarra Lepoan Euskara Elkartea, Antxitxiketan Ermuko Euskal Begirale Elkartea
  • Gipuzkoan: Dobera Euskara Elkartea, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea, Hitzaro Elkartea, Jardun Euskara Elkartea, Loratu Aisialdi Taldea, Noaua Kultur Elkartea, Pil-pilean Euskaldunon Elkartea, TTakun Kultur Elkartea, Txatxilipurdi Haur eta Gazte Ekintzak
  • Araban: GEU Gasteiz Euskalduna Elkartea, Kirikiño Atseden Taldea
  • Nafarroan: Karrikaluze Euskaldunon Elkartea
  • Euskal Herri osoan: Euskarabentura Elkartea, Taupa Mugimendua