Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, palestinar erresistentziari babesa adieraziko diote datorren azaroaren 15ean

uriola.eus 2025eko azaroaren 7a

Egilea: Palestinarekin Elkartasuna

Palestinarekin Elkartasuna Plataformako kideek eta Euskal Herriko zaletuen harmailak eta taldeek, datorren azaroaren 15ean, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, palestinar erresistentziari babesa adieraziko diote Areatzatik San Mamesera antolatu duten kalejiran.

Elkartasuna Plataformako kideek eta Euskal Herriko zaletuen harmailak eta taldeek palestinar herriaren eta haren erresistentziaren alde, eta Israelen eta bere mendebaldeko konplizeen aurka mobilizatzearen beharra adierazi dute. Izan ere, “Mendebaldeko indar inperialistek bultzatutako planek, bi estatuen soluzio faltsuak barne, ez dute Israelen hedapen koloniala geldituko”.

Atzo, hilak 6, arratsaldeko 17:30ean San Mames zabalgunean egindako agerraldian, Palestinarekin Elkartasuna Plataformak eta Euskal Herriko zaletuen harmailek (Indar Gorri, Bultzada Txuriurdina, Herri Norte Taldea, Iñigo Cabacas Herri Harmaila, Iraultza 1921, Indar Horibeltz, Indar Baskonia, Armagiñak 1940 eta South Side Taldea) azaroaren 15ean Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partidaren harira antolatu duten ekimenaren berri eman zuten.

Euskal Selekzioaren partiden garrantzia aldarrikatu dute, Euskal Herriko zapalkuntza soziala eta nazionala salatzeko, ofizialtasuna aldarrikatzeko eta gainontzeko herri zapalduekiko elkartasun internazionalista adierazteko egunak bezala. Beraz, datorren azaroaren 15eko partidaren berezitasunagatik euskal taldeetako zaletuek urte luzez elkarrekin antolatu izan duten partida aurreko kalejira, aurten, Palestinarekin Elkartasuna plataformarekin batera antolatu dute.

Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, palestinar erresistentziari babesa adieraziko diote, azaroaren 15ean, 18:30ean, Areatzatik San Mamesera antolatu duten kalejiran. Horretaz gain, eguerdiko 13:00etan, kirolari palestinarrei omenaldia egingo diete Arriaga plazan, hainbat euskal kirolariren parte hartzearekin.

Erlazionatuak

Kalejira Areatzatik San Mamesera

uriola.eus aza 07, 14:53 Bilbo