Bilbo eta Barakaldoko pilotalekuek Euskal Pilotaren Nazioen Ligaren ekitaldi berri bat hartuko dute azaroaren 23tik 30era bitartean. Bertan, ezker paretako modalitate guztietan arituko dira mundu osoko pilotariak. Berrikuntza bezala, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak bi jokamolde berri sartu ditu: pilota egokitua eta emakumeen banakako lau eta erdiko jokamoldea, euskal pilota ere gero eta kirol inklusiboagoa bihurtzeko asmoarekin.
Beraz, modalitateen artean, zesta-puntako partidak Barakaldon jokatuko dira eta Miribillako Bizkaia pilotalekuak hartuko ditu gainontzeko partida eta modalitateak. Gizonezkoen mailan, paleta larruz, pala motzean, pilota egokituan, eskuz banaka eta binaka eta zesta-puntan buruz buru arituko dira pilotariak eta emakumezkoetan, aldiz, zesta-puntan banaka eta eskuz lau eta erdian eta binaka lehiatuko dira.
Euskal Pilotaren Nazioen Liga munduan zehar euskal pilotan aritzen diren kirolarien elkargune paregabea izateaz harago, Bilbo eta Barakaldon ospatuko den lehen mailako kirol erronka ere izango da Euskal Selekzioarentzat.
Selekzioak protagonista izateko beste aukera eder bat izango du, non eta etxean. Ezker paretan eta 36 metrotan pilotariek maila dutela erakutsi beharko dute, erantzukizun handiko lehian. Izan ere, liga honetan Argentinako Venado Tuertoko 2026ko Munduko txapelketarako sailkapenak egongo dira jokoan.