Bilboko Udala gaur Gabonetako txirrista eta izotz-pista muntatzen hasiko da gaur, hilak 10. Aurten ere Erripako kaian eta Areatzako kaian kokatuta egongo dira, hurrenez urren. Bi instalazioek azaroaren 21ean 16:00etan irekiko dituzte ateak eta zabalik egongo dira 2026ko urtarrilaren 6ra arte. #BilbaoGabonak gabonetako proiektuaren barruan antolatutako ekintzak dira. Aurtengo edizioan, berrikuntza gisa, txartel berezi inklusiboak txertatu dira, premia bereziak dituzten pertsonen elkarteei eta kolektiboei zuzenduta.
Bi atrakzioetarako sarrerak salgai egongo dira Areatzako kaian kokatutako leihatilan edo aldez aurretik webgune ofizialean, azaroaren 14tik erabilgarri.
Izotz-pista ekologikoak 800 m2-ko azalera izango du, %60 baino gehiago estalita. 3 urtetik gorako umeak sartu ahal izango dira, eta 3 eta 7 urte bitarteko umeak nahitaez heldu batek lagunduta sartu beharko dira, heldu horrek ere sarrera erosi beharko du.
Prezioei dagokienez, sarrera orokorra 4 eurokoa da eta 30 minutuz patinatzeko aukera eta irristailuak barne hartzen ditu. Familia ugariek, desgaitasuna duten pertsonek eta hogei pertsona edo gehiagoko talderk 3 euro ordaindu beharko dituzte.
Irekiera-ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostegunera bitarteko eskola-egunetan, pista 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era egongo da zabalik. Ostiral, larunbat, igande, jaiegun eta eskola-oporraldian, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Egun berezi gisa, abenduaren 24an eta 31n 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik; eta abenduaren 25ean eta 2026ko urtarrilaren 1ean 17:00etatik 21:00etara.
Sei irrista-lerroko izotz sintetikozko txirrista Erripako kaian egongo da eta patinaje-pistaren ordutegi bera izango du. Txirristarako sarrera orokorrek pertsonako 3 euroko prezioa dute eta lau aldiz irristatzeko aukera ematen dute. Hogei pertsona edo gehiagoko taldeen kasuan, pertsonako prezioa 2,5 eurokoa da, lau aldiz irristatzeko aukerarekin. Jardueran 2 urtetik gorako umeek egin ahal izango dute, eta 2 eta 3 urte bitarteko umeak nahitaez heldu batek lagunduta sartu beharko dira. 2 eta 3 urte bitarteko umeak doan sartu daitezke, eta laguntzen dituen helduak sarrera erosi beharko du.