Abenduaren 27a euskaltzaletasunaren indar eta batasunaren erakustaldia izango da

uriola.eus 2025eko abenduaren 3a

Egilea: Euskalgintzaren Kontseilua

Euskararen Eguna dela eta, euskara larrialditik ateratzeko bide-orria azaldu du Kontseiluak: hizkuntza-politiketan luzamendurik gabeko jauzia, eta euskaltzaletasuna indartzea. Abenduaren 27an euskaltzaleak batzera eta elkarrekin euskarak behar duen Pizkunde berrirako txinparta piztera deitu du. Hiru arrazoi eman ditu horretarako.

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten euskararen aldeko gizarte eragileen ordezkariek adierazpen bateratua helarazi dute. Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuak bizi duen kinka larriaren irakurketa eta hura gainditzeko bidearen proposamena azaldu ditu Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Larrialdi linguistikoaren diagnostikoa berrestearekin batera, euskararen biziberritzeko prozesuaren erronka nagusiak zerrendatu ditu Kontseiluak, larrialditik indarraldira bidea martxan jartzeko adierazitako konpromisotik abiatuta: hizkuntza politiketan jauzi bat bultzatzea, eta euskaltzaletasuna indartzea.

Lehenengoari dagokionez, irailean aurkeztu zuen adostasun zabaleko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza, hizkuntza-politiketan luzamendurik gabe eman beharreko jauzia edukiz betetzen duen proposamena, erakunde publikoei, indar politikoei eta eragile sozialei zuzendutakoa.

Euskaltzaletasunaren aktibazioari dagokionez, norbanakoei zuzenduta, euskaltzaletasuna eta euskararen aldeko ekimenak bultzatzeko deia egin du Kontseiluko idazkari nagusiak. Abenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du, Pizkunde berri baten «lehen txinparta» bihur dadin.

Azkenik, erakundeekin elkarlanean jarraitzeko borondatea azaldu du, eta adierazi du euskarari etorkizuna emateko ezinbestekoak direla euskalgintzak metatutako ezagutza, giza kapitala eta engaiamendua. Erakundeei aitortza hori egitea eskatu die.

 

«Euskararen soinu banda»

Euskalgintzaren Kontseiluak ezagutzera eman du abenduaren 27an «Euskaraz bizitzeko Pizkundea» lelopean deitu duen ekimeneko kulturgile, musikari eta sortzaileen zerrenda. Hamarkadatan euskararen taupadaren parte izan diren kantuak ekarriko dituzte Euskal Herri osoko eta beladunaldi ezberdinetako bederatzi musikarik, ‘Euskararen soinu banda’ eratuz: Amets Aranguren, Anari, Beñat Goitia “Benizze”, Gontzal Mendibil, Gorka Urbizu, Joseba Tapia, Julen Goldarazena “Flako Fonki”, Maia Iribarne, eta Miren Narbaiza.  Gainera, azken urteetan euskarazko zineman nabarmendu diren hainbat aktorek ere parte hartuko dute, besteak beste, Edurne Azkarate, Itziar Ituño, Miren Gaztañaga eta Ramon Agirre aktoreek. Era berean, oholtzara igoko dira Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariak, baita kulturgile gehiago ere. Ekitaldiaren gidaritza artistikoa Oier Guillan antzerkigilearen esku izan da.

Ekitaldirako sarrerak 10 euroko ekarpen ekonomikoaren truk eskuratu daitezke webgunean. Jasotako dirua osotasunean artisten lana ordaintzera eta ekitaldiaren gastuen zati bat estaltzera bideratuko da. Ekitaldiaren helburua ahalik eta euskaltzale konprometitu gehien batzea eta euskaltzaletasunaren indarra erakustea dela gogorarazi du Kontseiluak. Horrexegatik, sarrera hartzen duten guztiei bertaratzeko eskatzen die, eta joaterik ez dutenei, beste pertsona bati emateko. Ekitaldia euskarari eta euskaltzaletasunari bultzada berri bat emateko unea izango da.

 

Hiru arrazoi Miribilla euskaltzalez betetzeko

Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko hiru arrazoi garrantzitsu eman ditu Kontseiluak:

  1. Euskaltzaleon indar eta batasunaren erakustaldi bat egitea. Euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi duen larrialdi linguistikoaren aurrean, zain gelditu baino, ekimen eta ilusio berrituak sortzea. Etsipenean jausi beharrean, euskaraz bizi nahi dugula adierazi, elkarrekin arnasa hartu, eta euskarari etorkizuna emateko prest gaudela erakustea.
  2. Euskal jendarte osoari mezu argi bat helaraztea: egiturazko minorizazioan dagoen euskararen normalizazioa eta biziberritzea guztion ardura da, gizarte berdintasunarekin, justiziarekin eta askatasunarekin lotutako beste auzi asko bezala.
  3. Hizkuntza-politiketan ezinbestekoa eta premiazkoa den jauzi sendo bat bultzatzea. Eragile instituzional, politiko, ekonomiko, kultural eta sozial guztiei, bakoitzaren erantzukizun eta erabakimenaren arabera, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaren eta erabilera normalerako baldintzen alde egin dezatela eskatzea.