Milaka euskaltzale atera dira kalera Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, egun hau borroka egun bilakatzea nahi dutelako, “euskaldunok eguneroko borrokan ito ez gaitezen”. Euskaraz bizi nahi dugulako Erdalduntze makina gelditu! lelopean, erdalduntze makina erraldoia suntsitzeko deia egin du GUKAk, Bilboko euskaltzaleen plaza askeak.
Arratsaldeko 19:00etan abiatu dira euskaltzaleak, eskuetan erremintak hartuta, Plaza Eliptikotik. Oihu hauek zeharkatu dute Kale Nagusia, besteak beste: “Erdalduntze makina gelditu!”, “Bilbon euskaraz bizi nahi dugu!” eta “Gora Bilbo euskalduna!”. Erremintez gain, ikurrinak eta komikietako bokatak eraman dituzte euskaltzaleek, eta horietan gazteek, pentsiodunek, langileek… euskaraz bizi nahi dutela adierazi dute; baita aisialdia euskaraz bizi ere, bizitza euskaraz kantatu…
Bidetik, Ikama ikasle antolakundeak bere aldarria plazaratu du, Hezkuntzan ere Erdalduntze Makina martxan dagoelako, abenduaren 11n ikasle greba” leloa izan duen pankartarekin. Kale Nagusia zeharkatu eta Arriaga plazara heldu dira, zeinetan erdalduntze makinaren kuboz osatutako egitura handia zain zegoen. Bertan, ekitaldi esanguratsua egin dute.
GUKAko bi kidek hartu dute hitza lehenengo irakurketan, Maialen Gagok eta Ander Anakabek, eta euskararen egoera azaldu dute: “Azterketa soziolinguistikoen arabera, euskalduntzea geldialdian sartu da. Atzeraldiaren zantzuak ere antzematen hasiak dira: ezagutzan, erabileran, arnasguneetan. Badira esaten dutenak euskararen aldeko grina moteldu dela, lo antzean dagoela”.
Horren aurrean, abenduaren 3a borroka egun bilakatu nahi dute. Ironiaz adierazi dute euskara salbu egon badagoela; izan ere, testuliburuak, idazkiak, kantak… badaude. “Euskaldunak, ordea, gara salbu ez gaudenak. Euskaraz bizi nahi dugun, eta euskaratik munduari begiratu nahi diogun hiztun-komunitate batez ari garelako”, nabarmendu dute. Horregatik, bakoitzak erreminta bat hartuta, erdalduntze makina erraldoia suntsitzeko deia egin du GUKAk. “Denok batera beraz, egin dezagun bultza, eta ikusiko duzue, laster eroriko dela”, amaitu dute lehenengo irakurketa.
Euskaltzaleak batuta bota dute makina
Lehenengo irakurketaren ostean, manifestaziora bertaratu diren kide guztiek elkarrekin, Agure Zaharra abestiaren moldaketa bat kantatu dute txistu eta danbolinek lagunduta. Horren bitartean, aipatutako erdalduntze makinaren kuboz osatutako egitura eraitsi dute 10 lagunen artean, abestian esan duten bezala: “Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan, ikusiko dek nola-nola laster eroriko dan”. Euskaltzaleak batuta bota dute makina.
Bukatzeko, testu motibagarria irakurri du Mikel Aiartzaguena, Katamaloren abesti batez lagunduta. Bitartean, aurretik eraitsitako kubozko egitura eraikitzen hasi dira, eta honetan Euskaltzaleon garaia da. BILBO EUSKARAZ DATOR! esaldia irakur zitekeen.
Irakurketan, argi utzi dute euskaldunak Bilbon nahi dutela bizi, presiorik eta estresik gabe. Salatu dute “askatasunaren izenean mihiak lotu” dizkietela, eta instituzioek horrela nahi dutela euskara salbatu betiko: “Euskaldunik gabeko euskarak balio baitie”. Baina, horren aurrean, euren plaza askea, euskaldunen plaza, askotarikoa eta askea aldarrikatu dute. Bukatu dute aldarrikatzen abenduaren 3a jai eguna baina borroka egun ere badela. Izan ere, Euskaldunentzako ez dago jai egunik borrokarik gabe lortutakoa:
“Bizitzaren aldeko borroka baita gurea
Jaia egitearen aldeko borroka
Borrokan baitakigu jai egiten
Eta jai baitugu
ez badugu
borrokarik egiten”.
Abendua, borroka egiteko hilabetea
Irakurketan euskalgintzaren aldeko aldarrikapenak egiteaz aparte, GUKAk gogorarazi ditu abenduak dituen beste hainbat borroka: “Euskararen aldeko olatu mobilizatzailea dugu parez pare”. Abenduaren 6an, Euskal Herrian Euskarazek, manifestazioa antolatu du Durangon, euskaraz bizitzeko Euskararen Errepublika behar dela aldarrikatzeko. Abenduaren 11n, ikasle grebara deitu du Ikamak, euskal hezkuntza sistema euskaldun propioa behar dugula esateko. Eta abenduaren 27an, ekitaldia Euskalgintzaren Kontseiluak Miribillan, euskararen etorkizuna jokoan izanik, pizkunde berriaren lehen txinparta pizteko.