Bilboko Udalak martxan du BilbaoGabonak ekimenaren udal-programa osoa eta aurtengo berrikuntzek Gabonak hiriko txoko guztietara eramango dituzte. Aurkeztutako jarduerek Bilbo aisialdiko, kulturako eta merkataritzako erreferentzia bilakatzen dute, tradizioa, jai-giroa, argiztapena eta sorpresak uztartuta.
Gabonetako protagonistek argia eta ilusioa ekarriko dituzte berriz ere Bilboko kaleetara. Olentzerorekin eta Mari Domingirekin hitzordua Gabon gauaren bezperan izango da, abenduaren 23an, 17:30etik aurrera iritsiko baitira, Kalejira magikoarekin, Moyua plazatik Arriaga plazaraino. Galtzagorri Nagusia buru duen Galtzagorri-kuadrilla alaia ere ez da faltako. Gau horretan Antzokian atseden hartu eta indarberritu ondoren, asteazken goizean, hilak 24, haurrei harrera egingo diete.
Urtarrilaren 5ean Meltxor, Gaspar eta Baltasar ekialdeko Errege Magoen txanda izango da. Goizean, Udaletxean egingo diete harrera haurrei, eta arratsaldean, 18:00etatik aurrera, argiz, soinuz eta kolorez betetako karrozetan, Kale Nagusia zeharkatuko dute, Udaletxera iritsiko den desfile batean.
Magiaz beteriko gabonak
Gabonetan gehien esperotako atrakzioetako bi dira txirrista eta izotz-pista, eta Erripako kaian eta Areatzako kaian izango dira. Azaroaren 21etik irekita daude eta 2026ko urtarrilaren 6ra arte egongo dira martxan, adin guztietarako esperientzia paregabea eskainita.
Azaroaren 26tik, Gabonetako Argiak ere piztuta daude hiri osoan zehar, urtarrilaren 6ra arte. Gabonetako irudi tradizionalak bizi-bizirik egongo dira aurten ere: Arriaga Plazako, Indautxu Plazako edo Basurtuko Osasun Profesionalen Plazako zuhaitz izugarriak, Areatzako Baso Sorgindua, Kale Nagusiko argi urdinak, Emakumeen Plazako Olentzero eta Mari Domingiren irudiak, edo Udaletxeko eraikin nagusia.
Gabonetako paisaiaren elementu nabarmenetakoak dira Moyuako Zuhaitz Handia eta Casilda Andrearen Argi-Tunela. Moyua plazan, hogei metro baino gehiagoko zuhaitza iturri nagusiaren gainean jarriko da berriro; Casilda Iturrizar parkean, berriz, hirurogeita hamar metro baino gehiagoko tunel argitsua jarriko da berriro, eta argi eta soinuz inguratuko duen pasealekua eskainiko du. Bi egiturek, aurten ere, argiztapen eta musika ikuskizun sinkronizatuak izango dituzte.
Aurreko edizioetan bezala, baldosa argiztatuak jarriko dira barruti bakoitzean, leku hauetan, Eugenio Olabarrieta plaza, Arabella etxaldea, Garai lorategia, Basarrate landa, Ibaizabal landa, Ercilla kalea, Urkiola eta Diaz Emparanza Doktorearen kaleen elkargunea eta Azoka plaza.
Gainera, 38 zuhaitz apaindu izango ditu hiriak, barruti guztietan banatuta; horietatik 24 artifizialak dira, eta gainerakoak zuhaitz naturalak, Gabonetan berariaz apaintzen direnak.
Aurtengo Bilboko Gabonetako Merkatua Casilda Iturrizar parkean kokatuko da, argi- eta soinu-tunel arrakastatsuaren inguruan. Merkatuak 35 etxola ditu aurten, iaz baino 9 etxola gehiago. Bihartik, abenduaren 5etik, urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik. Parkea pertsonaia mitologikoekin, ipurtargiekin eta galtzagorriekin bizituko da. Pertsonaia horiek Gabonetako ilusioa pizteko iritsiko dira, Baso Magiko baten itxura hartuta, eta euskal mitologian inspiratutako argiz eta fantasiaz betetako gune bihurtuz
Gabonetako azokaren inguruan food truck-ak ere egongo dira, askotariko eskaintza gastronomikoarekin: Food Truck Kmzero (gourmet hanburgesak, askotariko ogitartekoak, enpanadak, kitxeak, tostak, edariak eta kafe-puntua); Basque Truck, hurbileko produktuekin egindako hanburgesa berezien eskaintza eta freskagarri edo ardo beroarekin; eta Zutarri etxola (taloak, ogitartekoak eta edariak).
Areatzako kaian, abenduaren 12tik urtarrilaren 5era bitartean, Gabonart Bilboko Artisautza Azoka ere egongo da, urtero bezala.
Ostalaritzako ordutegien luzapena
Bilboko Udalak, Gabonak direla eta, ostalaritza-lokalen itxiera-ordutegia luzatuko du eta bi ordu beranduago itxi ahalko dituzte. Hala, ostalaritza-establezimenduek beranduago itxi ahalko dute gauritk aurrera: abenduak 4, 5, 6, 11, 12, 13, 18, 19, 20, 24, 25, 26, 27 eta 31; eta urtarrilak 1, 2, 3 eta 5. Ordutegi hori ostalaritza-lokal guztietan aplikatu ahalko dute, “eguneko” establezimenduek, establezimendu “osagarriek” eta terrazek ez ezik; horiek, egungo ordutegia mantenduko dute. Establezimenduen kanpoaldean kontsumitzeko ordutegia ere ez da luzatuko.
Kultura auzo guztietan
Bilboko auzoetan era guztietako kultura-jarduera ugari egiten dira. KULTUR GABONAK izenburupean, proposamenen egitarau bat antolatu du Udalak, ikuskizun sortzaile, irisgarri eta dibertsioz beteak emateko. Gainera, ekimenak hainbat dantza-hitzordu eskainiko ditu hainbat barrutitan. Esate baterako, Ibai Arte Dantza Taldearen dantza-alardea; Gaztedi Dantzari Taldearen erromeriak, Beti Jai Alai Dantzari Taldea, Salbatzaile Dantza Taldea, edo Irutasun Dantzari Taldearen kalejira. Horrez gain, Deustun eta San Ignazion erraldoien kalejira egingo dute, Ondalan Erraldoien Konpartsaren eskutik.
Bilboko Zirkuitua egitarauak ere abendura arte jarraituko du. Bilboko auzoek aparteko garrantzia izango dute: Otxarkoagako, Deustuko, Castañoseko, Abandoko, Begoñako, Errekaldeko, Masustegiko, Basurtuko, Santutxuko, Uretamendiko eta Altamirako udaltegietan jarduerak egingo dira, baita Zorrotzako frontoian, Solokoetxeko institutuan, San Ignazioko Levante plazan eta Abusu-La Peñako kaleetan ere.
Bestalde, Gabonetako Abesbatzen Kontzertuak urte amaierako egitarauaren ezinbesteko parte izango dira, eta Bilboko 8 barrutietan egingo dira: Atxuri, San Ignazio, Irala, Txurdinaga, Zabala, Errekalde, Abusu-La Peña, Santutxu, Otxarkoaga, Abando, Basurtu, Deustu, Altamira, Olabeaga, Uribarri eta Indautxu auzoetako elizek hartuko dituzte emanaldiak.
Horrez gain, Mila Musika Hariak bere kontzertu-zikloa itxiko du bihar, abenduaren 5ean, Abandon, Bertendona Institutuan, Péter & Zoltán Katonaren “Dúo internacional de guitarras” kontzertuarekin.
Musika-ekitaldiak Bilboko Udal Txistulari Bandak, Ahotsak Abesbatzak eta Gorka Aginaga piano-jotzaileak Miribillan eskainiko duten “Elur malutak” ikuskizunarekin osatuko dira; baita Jon Ander Tobalinak eta Georgina Barriosek Basurtun emango duten “Del Bel canto a nuestro ritmos” kontzertuarekin ere.
Kulturguneak Gabonetan murgildurik
- BIDEBARRIETA KULTURGUNEAn liburuak aurkeztuko dira, hala nola Aroa Morenoren (hilaren 4an) eta Fermin Bocosen (hilaren 15ean) azken lanak. Bidebarrieta Zientifikoa (hilak 10), Eztabaidak literaturarekin (hilak 16) eta Gaurkotasunarekiko topaketak (hilak 17) ere egongo dira errealitate zientifiko, literario eta soziala erakusteko. Aipatzekoak dira, halaber, abenduaren 11n Iker Ortiz de Zaratek interpretatutako “De Profundis, de Óscar Wilde” bakarrizketa dramatikoa, eta abenduaren 19an Jakes Txapartegi, Esther Barandiaran eta Iñaki Salvadorren “Piano baten inguruan: batzen gaituena” kontzertua.
- ARRIAGA ANTZOKIAn gospela, tradizioz Eguberriei loturiko musika entzungo da bi kontzerturen bidez: The South Carolina Gospel Choir (abenduak 16) eta Chicago Mass Choir (abenduak 22). Tartean, bi antzerki estreinaldi hartuko ditu: “Lovesong”, abenduaren 18an, eta “Desobedienteak 18/98 ” urtarrilaren 8tik 10era, abenduaren 19ko eta 20ko “Todos Pájaros” antzezlanaren emanaldiez gain. Ikuskizunik handiena “Slava´s Snowshow” izango da, eta abenduaren 26tik 30era egongo da ikusgai. Eta 2026 hastean, urtarrilaren 3an eta 4an, Arriaga antzokiak ABAO Txiki Arriagan beste ikuskizun bat eskainiko du berriro ere: “Cuento de Navidad”. Urtarrilaren 6an, Errege Magoen etorrera ospatuko dute, Neomaken kontzertuarekin. Urtarrilaren 11n, Oiane eta Urkok Korrontzi eta Bixente Martinezekin batera bultzatutako “Gora Musika!” euskarazko haur ikuskizunarekin amaituko da egitaraua.
- BILBAO MUSIKAko Udal Musika eta Txistulari Bandek eta Udal Musika Eskolak adin guztietako publikoari zuzendutako kontzertu eta jarduera ugari eskainiko dituzte. Bilboko Udal Txistulari Bandak bi kontzertu berezi emango ditu “Elur Malutak” izenburupean, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean. Lehenengoa abenduaren 12an izango da, Miribillako Santa Maria Josefa elizan eta bigarrena abenduaren 16an izango da Campos Elíseos Antzokian. Bestalde, Bilboko Udal Musika Bandak “Itsasoaren profilak” kontzertua emango du abenduaren 12an, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan. Udal Musika Eskolak ekitaldi ugari izango ditu abenduan zehar, eta jendaurreko kontzertu eta entzunaldiak emango ditu.
- BILBAO ARTE Fundazioaren URIBITARTE40 erakusketa-aretoan azaroaren 28tik aurrera “De la Colección no se vuelve. Colección BA” erakusketa izango da, Nerea Ayerbek eta Jaime Cuencak komisario izanik.
- AZKUNA ZENTROAn – Alondegian, kultura-egitaraua ikusizko arteen eta familiako publikoari zuzendutako praktika artistikoaren ingurukoa da. Erakusketa Aretoan Marisa Gonzálezen lana dago ikusgai. Erreprodukzio- eta komunikazio-teknologia berriak sormen artistikoan aplikatzen aitzindaria izan da.
- BERREGINEN MUSEOAk ikus-entzunezko esperientzia limurtzailea antolatu du, familiarekin gozatzeko. Izarretan zeharreko bidaia da, eta bertaratzen direnek unibertsoaz gozatuko dute. Izarrak, konstelazioak… Museotik irten gabe. Abenduaren 27an, 10:00etatik 18:00etara, eta abenduaren 28an, 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik planetarioa, eta saioak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira. Jarduera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da parte hartzeko.