Euskalduna Jauregia BBK Mendi Film Jaialdiaren kanpaleku izango da

uriola.eus 2025eko abenduaren 4a

Mendi Filmen aurtengo berrikuntza nagusietako bat egoitza bakarrarena da: Euskalduna Bilbaon egingo dira emanaldi eta jarduera guztiak abenduaren 5etik 14ra. 24.800 euro banatuko ditu Mendi Film palmaresak, 12 saritan banatuta.

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiak, 10 egunez, abenduaren 5etik 14ra, Mendiko Kulturaren kanpaleku nagusi hartuko du Euskalduna Jauregia. Mendi Filmen aurtengo berrikuntza nagusietako bat egoitza bakarrarena da: Euskalduna Bilbaon egingo dira emanaldi eta jarduera guztiak. Girotzeko, atrezzo berezia ere izango du, Kantabriako Europako mendietako Liebana eskualdeko hainbat erakusmahai promozionalekin atonduko baita ingurua.

Beste Berrikuntzetako bat Hasiera Ekitaldia izango da. Aureten larunbatean izango da, ostiralean beharrean. Abenduaren 6an, 19.45etik aurrera, hitzordu berezia izango da: Juanito Oiarzabali buruzko pelikula estreinatuko da orduan, Javier Álvaro Palomaresek ondu duena.

24.800 euro banatuko ditu Mendi Film palmaresak, 12 saritan banatuta. Eta Iñigo Aristegui artista donostiarrak sortutako garaikurrak jasoko dituzte irabazleek. Aurtengo WOP Mendi Film Saria Catherine Destivellek jasoko du, The Walk On Project eta Mendi Filmek eskutik egiten duten aitortza. Mendiko balioak transmititzen izan duen arteagatik aitortu diote, alpinista eta eskalatzaile bezala, eta baita liburu editore eta dibulgatzaile bezala ere.

 

Mendiko euskal zinema

Euskal egiletzako 12 pelikula aurkeztuko dira aurten Mendi Filmen, eta egileak aurkezpen ekitaldian bildu dira: ALDABIDE (Jon Mendizabal), CANTOS Y FLORES (Julen Elorza), ERRIO (Ibon Gaztañazpi), HARRI, ORRI, ARKATZ (Jon Herranz), ITSASORA (Mikel Urdangarin), IZARREN ZAUNKA (Nagore Eceiza), NATURA FUGIT (Jesus Mari Lazkano), SINKRONIA (Gorka Ipiñazar, Haizea Huegun), SUSTRAIAK, RAÍCES PERDIDAS (Luis Arrieta), THE ROAD WE NEVER RODE (Iñigo Lamana), TRAS LA HUELLA NORUEGA – Unai Jaureguibeitia) eta  UN DÍA AL AÑO (Alfonso García).

GEURE(R)A proiektuaren arduraduna Janire Etxabe ere aurkezpenean izan da, eta Eli Azurmendi ere bai. Etxabek irudikatutako dantza bertikal proiektuak liburu eta performance itxura hartu du, eta Azurmendik egin ditu hartarako ilustrazioak. HARRI, ORRI, ARKATZ pelikularen erroan dagoen Expocroquis mugimenduko arduradunetako bat ere bada Azurmendi, eta horrez gain, hainbat marrazketa eta ilustrazio ikastaro eskainiko ditu aurtengo Mendi Filmen.

 

55 pelikula

Euskalduna Bilbaoko aretoetan 55 pelikula ikusiko dira, horietako 45 Sail Ofizialean, eta beste hamarrak lehiaz kanpoko Zabalandi sailean. Titulu deigarriak eta puntako zuzendariak:

  • ‘OIARZABAL. ENTRE JUAN Y JUANITO’. Hasiera Ekitaldiko pelikula hautatua. Larunbatean, abenduak 6, Euskaldunako Auditorio Nagusian estreinatuko den obra, haren zuzendaria Javier Álvaro Palomares eta, Juanito Oiarzabal, bertan direla. EITB-ren eta RTVE-ren babesa duen ekoizpena da.
  • SUSTRAIAK: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura, Kirolak eta Euskara sailak Mendi Filmekin batera sustatzen duen Bekaren aurtengo pelikula. 3 gazte migrante afrikar Iruñeara nola iritsi ziren eta nola eskalada komunitatearekin uztartuz integratu ziren hango bizitzan. Luis Arrietak zuzendu du lana. EITB-ren babesa duen pelikula da.
  • ITSASORA, Mikel Urdangarin musikariaren zinegile debuta, Unai Basurko itsas-gizonari eginiko aitortza. Aurtengo Mendi Filmen proiektatuko den lehen pelikula, abenduaren 5 proiektatuko da.
  • HARRI, ORRI, ARKATZ. Expocroquis proiektuaren ginga. Jon Herranzen zuzendutako lana. Proiektu honen gidariak izan diren Eli Azurmendi, Rafa Elorza eta Juancar Sanzekin batera ondu du HARRI ORRI ARKATZ.
  • Emily Harrington eskalatzaileari buruzko GIRL CLIMBER
  • Afganistango eski lehiaketa autentiko eta sozialki inpaktantea CHAMPIONS OF THE GOLDEN VALLEY. Haren zuzendari eta ekoizleak Bilbon izango dira: Ben Sturgulewski eta Katie Stjernholm.
  • Iparrameriketan mendiko bizikleta egokitua oinarri duen komunitatearen BEST DAY EVER. Haren egile eta protagonistak ere Euskaldunan izango dira.
  • TRANGO adrenalina eta tentsio bete-betekoa da. Trangoko dorre nagsuiaren lehen eski jaitsiera, Christina ‘Lusti’ Lustenberger eta Jim Morrison protagonista direla.
  • Junko Tabei japoniarra, Everest igo zuen lehen emakumea, gertaera haren 50. urteurrenean estreinatuko da LADY EVEREST, Isabel Díaz Novo zuzendari espainiarrarena.

Eta beste hainbat, webgunean eta eskuko katalogoan ikus daitezkeenak.

 

Zinemaz harago: Kultura

Mendiko zinemagintzaren industria ardatz izango duen Mendi Pro jardunaldian Ben Sturgulewski eta Katie Stjernholm arituko dira abenduaren 12an goizean.

Emakumea eta mendiaren arteko lotura islatzen duten hainbat pelikula aurkeztuko dira aurten ere mendi Filmen, eta mahai inguru berezi bat ere antolatu da abenduaren 13an, arratsaldean: “Laboratorio Donne. 9b+ Femenino Plural”. Hizlariak: Riccarda de Eccher, Elena Goatelli, Gentzane Osaba, Lucia Guichot, Nieves Gil, eta Irati Zabala.

Etxeko ttikienentzat, eta familientzat, saio berezia da “Mendi Magikoa”: film laburrak, antzerkia Les Bobe Bobe konpainiaren eskutik, Eriz magoa… Abenduaren 14an, igande eguerdian.

Bi erakusketa nagusi eskainiko ditu aurten Mendi Filmek: CVCEPHOTO mendiko jardueren argazkilaritza lehiaketako lan sarituena, eta Poloniako Tatra Museoaren “Natura eta Kultura. Mendiak inspirazio iturri”, EMMOA euskal mendizaletasunaren museoarekin elkarlanean.

Eta aurtengo Mendi Filmek, kutsu literario handia izango du, 8 liburu aurkezpen egingo baitira. Haietako bat, EDURNE PASABAN komikia da, abenduaren 6an egingo dena, 12:00etan. Sua Argitaletxeak eta Mendi Filmek elkarrekin bilduma sortu zuten euskal mendizaletasunean giltzarri diren uneak eta pertsonaiak landuz, eta hau 4. alea da. Ramon Olasagastik sortu ditu gidoia eta testuak, eta César Llagunorenak dira ilustrazioak.

 

Eragin ekonomiko, soziala eta kulturala neurtzeko ikerketa

Urteko hitzordu nagusira begira hauspotuta iritsiko da jaialdia. Mendi Filmek bere eragin ekonomiko, soziala eta kulturala neurtzeko ikerketa bat eskatu du azken urtean zehar. Ikerketa Euskal Herriko Unibertsitateak eta Cultumetria enpresak egin dute, Álvaro Fierro irakaslearen koordinazioarekin:

  • Arlo ekonomikoa: Mendi Filmen iazko edizioak, 2024koak, ia milioi bat euroko (936.637€) eragin ekonomiko induzitua sortu zuen, 2023ko edizioarekiko %23 hazita. Eragin ekonomiko horren %92a Euskal Autonomi Erkidegoan geratu zen (%85a, Bizkaian). 2024ko edizioan Mendi Filmek 16 lanpostu sortu zituen (8, zuzenak eta 8, induzituak). 24.800€ banatu zituen sarietan eta 10.000€, beketan (aurten, 12.000€).
  • Arlo soziala eta kulturala: Festibalaren bataz besteko puntuazioa 9,2 izan da, ikus entzunezkoen kalitatea 8,6 eta Festibalaren balioekin identifikazioa %92. Mendi Film, Bilbao, Bizkaia eta Euskal Herriaren enbaxadore kultural egokia da parte hartzaileen %86arentzat, eta Kalitate-prezioaren arteko harremana oso ona. Oro har, balorazioetan gehien agertu diren kontzeptuak honakoak izan dira: Festibalaren edukien kalitatea eta inpaktu bisual eta emozionala, antolakuntza ona, euskal kultura eta nortasunarekin lotura, komunitatea sortzeko eta mendiaren garrantziaz sentsibilizatzeko gaitasuna, eta festibalak denbora luzean jarraitzeko gogoa.

Ildo horretan, Mendi Zale komunitateak hazi eta hazi jarraitzen du. Picos de Europako Potesen amaitu berri den Mendi Tour zirkuitu ibiltariko datuak eman dituzte aurkezpenean: urtarrilean hasi eta azarora bitartean, 14.000 ikuslek gozatu dute Mendi Filmeko iazko pelikulen eskaintza ibiltariaz. 49 egoitza izan ditu, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Araban, Cantabrian, Asturiasen, Galizian, Gaztela eta Leonen, Madrilen, Valentzian, Katalunian eta Kanaria Handian. Eta 87 zine saio eskaini dira.