Xiberutikan mendebaldera izenburupean, Pello Reparazek sortu du 24. Korrikaren abestia. Bere esku egon dira kantaren musika zein letrak, eta bideokliparen zuzendaritza-lanaz ere arduratu da. Abestiaren emaitza musikala lortzeko, Reparazekin batera, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena abeslariek hartu dute parte.
Gaur goizean, hilak 11, Agoizko Kultur Etxean egin dute abestiaren aurkezpena Ane Elordi Korrika arduradunak eta Pello Reparaz aurtengo kantaren egileak. Horrez gain, bideoklipa ere publiko egin dute, eta nabarmentzekoa da plano-sekuentzian grabatuta dagoela.
Korrika arduradunak zinez eskertu dio Reparazi egindako ahalegina: “Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik eta, are gehiago, musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diezun ekarpenagatik”, esan du.
Aurten, lehenengo aldiz, AEK osoak prozesu demokratiko baten bitartez aukeratu du nori egin kantaren enkargua, Elordik adierazi duen moduan. Ondoren, Reparazek hartu du hitza eta Korrikaren abestia sinatzea bere ibilbide artistikoko “erantzukizun eta poz handienetako bat dela” aitortu du hunkituta. “Ez da enkargu hutsa: kantaren bidez euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea da”.
Euskara gara
Kantaren egileak 24. Korrikaren leloaren “pisu handiaz” hitz egin du: “ez gara bakarrik hizkuntzaz ari, bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara”.
Kantari mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea ematen ahalegindu da, “ez ereserki zurrun” batena. Entzuten duenak koru honen parte sentitu dezan nahi izan duela aipatu du.
Abesti honek jendarteari euskarara hurbiltzeko gonbita egiten dio. Bukatzeko hauxe aipatu du Reparazek kantaren helburuaz: “AEKren euskaltegietan izena ematera lehen urratsa emateko, alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera animatzeko, edota Korrikan kilometro bat gehiago egitera sustatzeko balio badu, kantak bere funtsa beteko du”.