Badator San Tomas eguna igande honetan, abenduaren 21ean, eta Bilboko Konpartsek eguneko egitaraua prestatu dute Areatzan eta San NIkolasen, txikienek zein helduenek gozatzeko aukera izateko.
Urtero bezala, Bilboko Konpartsetako egutegiak saltzen hasiko da eguna, San Nikolas elizaren inguruan. Iazko egutegiaren ildoari jarraiki, Bilbori buruzko kontakizun historikoak biltzen ditu 2026koak ere, eta 15:00ak arte egongo dira salgai.
10:00etan ere, BIlbo Hiria Irratiak irratsaioa eskainiko du San Nikolas elizaren aurreko eszenatokian. Ordubete beranduago, 11:00etan, elizaren aurreko txosnaren irekiera izango da. Bertan edateko guztiak egongo dira eskura, horien artea, jakina, sagardoa. Eguerdian, indaba beganoak eta txerrikia salduko dituzte gune gastronomikoan, San Nikolas elizaren eskumako alboan, metrorako sarrerako bidean. Horiekin batera, baserriko produktuen otzararen zozketarako boletoak banatuko dituzte.
12:30ean, urteroko hitzorduan, bertso saioan, Maite Sarasola, Enare Muniategi eta Ander Anakabe bertsolariak arituko dira. Ordu berean, haurrek ere izango dute gozatzeko tartea, Plaza Barrian. Txikientzako gune horretan, egurrarekin esperimentatu eta jolasteko tailerra izango dute, baita txotxongilo tailerra ere. Ortuzaleek, San Tomasen falta ezin diren babarrunekin ikasiko dute lekaleak landatzen. Eta hori guztiori aurpegia dotore-dotore apainduta egin nahi dutenek, karetak margotzeko tailerretik igaro ahalko dira.
Bazkalostean, 15:00etan, baserriko produktuen otzara zozkatuko dute konpartsek, hori ere, elizaren aurreko eszenatokian. Horren ostean, dantzaplaza izango da bertan ere Kittu Basque Street Folk laukotearekin 16:00etatik hasita. Ondoren, abarkak oraindik astintzeko gogoa dutenek, Lehian erromeria ikusi ahal izango dute, 19:30ean hasita, San Nikolas elizaren aurrean, Bilboko Konpartsen txosnaren alboan. Kantuzaleentzako aukera hobea Bilbo Kantari izan daiteke, ordu berean, La Bolsa eraikinetik hasita eta Alde Zaharrean zehar.