Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsan, Deustuko eta San Inazioko Preso eta Iheslariak Etxeratzeko Mugimenduak hainbat ekintza antolatu ditu larunbaterako “Gazte eta harro! Errepresioarekin bukatuko dugu!” lelopean. Eguerdiko 13:00etan, apirilak 26, ekitaldia egongo da Done Petri plazan eta 15:00etan, herri bazkaria auzoko Herriko Tabernan; giroa arratsalde partera arte luzatzea espero dutelarik.
Antolatzaileek gogorarazi dute, joan den larunbatean, apirilak 19, Alberto Marin “Rupi” preso deustuarra aske geratu bazen ere, “hainbat lagunek espetxean jarraitzen dutela”. Gauzak horrela, auzokide zein hiritarrak, larunbatean, Deustura gerturatzera gonbidatu dituzte. Bazkarian parte hartzeko izena eman behar da Herriko Tabernan.