Espetxe zigorra jaso duten bi grebalariei elkartasun agertzeko manifestazioa deitu dute

uriola.eus 2014ko eka. 13a, 08:45

Bi urte eta erdiko espetxe zigorra bete beharko dutela jakin dute asteon Deustualdeko Jon Telletxea eta Urtzi Martinez gazteek 2012ko Greba Orokor egunean, desordenak egiteagatik. "Gehiegizko zigorra" Eukene Jauregi abokatuaren iritziz. Iritzi berekoak dira Grebalariak aske! plataformako kideak eta 2012tik babesa agertu dieten ehunka herritar ere. Guzti horiei dei egin diete gaur, ostirala, 19:30ean Deustuko Done Petri plazatik irtengo den manifestazioan parte hartzera, "Urtzi eta Telle libre nahi ditugu" lelopean.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak aurkeztutako errekurtsoa aztertu ostean, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak joan den asteazkenean eman zuen bere erabakiaren berri. Mozorroaren astungarria onartuta -aurpegia estalita izateagatik desordenak burutu ziren unean-, epaileak bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri die Jon Telletxea eta Urtzi Martinez grebalariei. Eukene Juaregi abokatuaren esanetan "gehiegizko zigorra".

Epaia ezagututa, aurrerantzean "epe zehatzik ez dago", gazte grebalarien abokatu Eukene Jauregiren esanetan. Dena dela, bi aste baino lehen jaso lezakete Jon Telletxea eta Urtzi Martinezek epaitegiaren jakinarazpena, eta 10 egunen buruan aurkeztu beharko lukete Basauriko espetxean.

Agente batek "irregularki" grabatu eta aurkeztutako bideoetan eta Ertzaintzako kideen deklarazio "kontrajarrietan" oinarritzen da atzo Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ebatzi zuen epaia Eukene Jauregi abokatuaren esantean. Froga horiek "ezin dira kontutan hartu" zigorra ezartzeko orduan, abokatuaren ustez. Are gehiago bi urte eta erdiko espetxe zigorra, Telletxea eta Martinezek bete beharko dituztenak, "gehiegizkoa" dela deritzo, entitate horretako beste kasu batzuekin alderatuz gero: "Desordenagatik, pintada batzuk egiteagatik, bi urte eta erdiko espetxe zigorra jasotzea gehiegizkoa da".

Grebalariak aske! plataformak atzo, osteguna, "erantzun bat planifikatzeko" asanblada irekia egin zuen 19:00etan Deustuko Gazte Lokalean. Gaur, ostirala, ekainak 13, manifestazioa deitu du plataformak. Protestaldia San Pedro plazatik abiatuko da, 19:30ean, "Urtzi eta Telle libre nahi ditugu" lelopean.

Bide luzea

2012ko ekainean Ertzaintzak Deustuko hiru gazte (Irantzu Yaldebere, Jon Telletxea eta Urtzi Martinez) eta Indautxuko bat (Aitor Fernandez) atxilotu zituen, martxoaren 29ko Greba Orokorraren egunean Bilbon gertatutako istilu batzuetan parte hartu izana leporatuz.

Irantzu joan den maiatzean absolbitu zuten kargu guztietatik.

2013ko irailaren 11n Aitor, Jon eta Urtzi epaitu zituzten Bilboko zigor-arloko 1. epaitegian, eta honakoa izan zen epaia: absoluzioa Aitorrentzat eta 15 hilabeteko espetxe zigorra Jon eta Urtzirentzat desordena publikoengatik. Fiskaltzak helegitea jarri zuen Bizkaiko Probintzia Auzitegian: mozorroaren astungarria argudiatuz, bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen Jon eta Urtzirentzat. Akusazio partikularrak osotasunean errekurritu zuen epaia, hau da, hiru auzipetuentzako 14 urteko zigor eskaeran berretsi zen.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ez zuen onartu akusazio partikularraren helegitea. Beraz, Aitor delitu guztietatik absolbituta geratu zen, eta Jon eta Urtzi leporatzen zizkieten deliturik larrienetatik absolbituta (atentatua eta lesioak). Fiskaltzak aurkeztutako helegiteari dagokionez, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak erabaki zuen Bilboko zigor-arloko 1. epaitegira berriz bidaltzea, azter zezan. Eta epaitegi horrek erabaki zuen mozorroaren astungarria aintzat ez hartzea.

Fiskaltza eta akusazio partikularra erabaki horrekin ados ez, eta errekurtsoa aurkeztu zuten Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Atzo ezagutzera eman zuen auzitegi horrek errekurtsoaren onarpena, hau da, mozorroaren astungarria baliotu zuen -aurpegia estalita izateagatik desordenak burutu ziren unean-, eta bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zien bi akusatuei.

Grebalariak aske! plataformaren aburuz “Aitor, Irantzu, Jon eta Urtzi turko-buru gisa erabili dituzte beste eredu sozioekonomiko baten alde borrokatzeagatik eta borroka nahiz protesta sozialak kriminalizatzeko, zigortzeko eta desaktibatzeko. Horregatik, epai justu bakarra guztien behin-betiko absoluzioa izango litzateke, eta Grebalariak aske! plataformatik hori eskatzen jarraituko dugu, hau guztia poliziaren muntaia hutsa dela salatzearekin batera".