Deustuko arraunlariek eskura dute KAE-1 mailara igotzeko aukera

uriola.eus 2014ko ira. 5a, 10:50

Argazkia: Deustu Arraun Taldea

Joan den asteburuan bai Erandion bai Santanderren denborarik onena egin ostean, KAE-1 mailara igotzeko play off buru da Deusto-Bilbao taldea. Asteburua erabakiorra izango da.

Mailarengatiko norgehiagoka bihar -irailak 6 larunbata- erabaki daiteke, Zarautzen, itsaso zabalean. Deustuarrak play off-eko bigarren jardunaldian bandera irabazteko faborito dira. Etxekoek, zarauztarrek, ziurtatuta dute jada KAE-1erako igoera. Tomateroek denboraldi bikaina osatu dute (KAE-2 mailan bigarren postuan) eta gogotsu eta irrikitan egingo diote aurre biharko erronkari.

Asteburu borobila aurrekoa

Erraz gailendu zen Tomatera Erandioko uretan joan den larunbatean. KAE-1 mailara zeintzuk igoko diren erabakitzeko jokoan dagoen play off-eko lehen jardunaldian sorpresa gutxi izan zen. Arkote eta San Pedroren aurretik lehen heldu zen Deustuko trainera.

Aurtengo denboraldian, KAE-2 mailan, lehen postua lortzeko deustuarrak zarauztarrekin gogor borrokatu dira. Zarautzek ziurtatu du jada gorako bidea, duela aste bi. Hortaz, lasai atera zen estropada eremura Enbata. Hirugarren postua baino ez zuen eskuratu Erandion.

Hurrengo egunean, igandean -abuztuaren 31n-, gidoi bera errepikatu zen. Deustuko arraunlariek presioari ondo eutsi zioten eta giharretan zuten indar guztia atera zuten lehen iristeko eta Santanderreko banderaren jabe egiteko. Zarautzi -bigarrena helmugan- ia 10 segundu atera zioten.

KAE-2 mailako sailkapen orokorrean Zarautz dago lehenengo 204 punturekin, Deustu bigarren 199 punturekin, Arkote hirugarren 165 punturekin eta oso gertu Hondarribia, laugarren, 163 punturekin.

Deustu Arraun Taldea