Marea bizien fenomenoak erakarrita, hiritar ugari hurbildu zen itsasadar bazterrera atzo arratsaldez. 18:30ean, itsasgorarekin bat, aurreikuspenak bete eta, herenegun bezala, Nerbioi-Ibaizabalek gainezka egin zuen. Urak 4,94 metro egin zuen gora.
Uriola Deustuibarran, Zorrotzaurren eta San Inazion hainbat tailer eta biltegitan sartu zen, Udalak 1.000 saku hare banatuta zituen arren arrisku guneetan.
Ibilgailuentzat Zarandoa etorbidea eta Aragoi kalea moztu zuten udaltzainek 18:30ean, minutu batzuk eman zituen itxita, urak errepidea estaltzean. Udaltzainen esanetan, ura ez zen espaloiaren mailara iritsi.
Ikusmin handia
Jende asko erakarri zuten marea biziek Elorrietara. Esaterako, ume batzuk oinak freskatu zituzten itsasgorak eragindako putzuetan. "Zoramena izan da", aipatzen zuen udal behargin batek itsasadar bazterrera hurbildutako jende kopuruagatik. "Umeak bainatu egin dira, primeran pasa dute", zioen Patxik. Izan ere, ikusmin handia zegoen bilbotarren artean uraren mailaren gorakada aurrez aurre ikusteko.
Abuztuan aurreko uriola
Atzo ura ateratzen jardun zuten beharginek abuztuko uriola zuten gogoan. Abuztuaren 11, 12 eta 13koa. "12koa izan zen gogorrena", oroitzen du Patxik. Bere hitzetan atzokoaren "oso antzekoa" ondorioei dagokionean. Uriolek Bilbo aldean lan handia ematen duten galdetuta, "ba" dio, "lan apur bat bai".
Ekaitz gogorra
Gaur goizaldean, 06:00etatik aurrera, trumoi eta tximista ugariko ekaitzak gogor astindu du Bizkaia. Ekaitzaren ondorioz, ur asko pilatu da errepideetan. BI-631 errepidean, esaterako, Santo Domingo-Egirletako goi aldean auto istripua izan da, Deriora bidean. Hiru autok elkar jo dute. Zauriturik ez da izan istripuan.
Euria guztiz baretuko da goizean, orduek aurrera egin ahala, eta arratsaldean uda giroa nagusituko da berriro.