Grebalariei babesa agertzeko Askegunea

Grebalariak Aske: "Larunbatekoa elkartasun askegunea izango da, ez herri harresia"

uriola.eus 2014ko urr. 7a, 10:51

Ohar baten bidez, Grebalariak Aske plataformak jakitera eman du, urriak 11, larunbata, Deustun egitekoa den 'Askegunea', elkartasuna helarazteko dela eta ondorioz, ez dela 'Herri Harresia' izango.

Euren burua espetxean entregatzeko epea urriaren 2an bukatu zitzaien Urtzi Martinez eta Jon Telletxea grebalariei eta ez zutela hori egiteko asmorik, argi utzi zuen Grebalariak Aske plataformak ostegunean bertan, Albiako lorategietan emandako prentsaurrekoan.

Agerraldian, Grebalariak Aske plataformak 'Askegunea' deitu zuen larunbaterako, urriak 11, Deustuko Done Petri plazan. Azaldutakoaren arabera, mugimendu feminista, eragile ekonomiko, erakunde politiko, gazte mugimendu eta sindikatuen artean bost orduko elkarretaratzea egingo dute eta gainera, beste hainbat ekintza egongo dira. Bukatzeko, eguerdiko 14:00etan, "ez zaituztegu bakarrik utziko" lelopean elkarretaratze masiboa deitu dute.

Gaur bertan, bigarren ohar baten bidez azaldu dute, larunbateko hitzorduaren helburua "Urtzi eta Telleri elkartasuna eta babesa erakustea" dela; "elkartasun askegunea izango da, ez herri harresia". Goiz osoan zehar parte hartzeko deialdia egin dute berriro ere, "baina batez ere, askeguneari bukaera emango dion kontzentrazio jendetsuan, 14:00etan".