Neurri handiko diskotekak industria guneetan soilik ezarri ahal izateko aldaketak egingo dituela iragarri du Aresok gaur. 2015eko urtarrilean Hiri Antolamendurako Plan Nagusian (HAPN-PGOU) egingo ditu aldaketa horiek. Aresok ez du uste prebarikazio delitua egitea denik plana epe laburrean moldatzea. Beti ere legearen barruan arituko dela adierazi du. Bere aburuz, "merkeago izango da makro-diskotekaren promotoreei kalteordaina ordaintzea, egunero Udaltzaingo koadrilak bertara bidaltzea baino".
Arpuntoin S.L. promotora bakarrik geratu da. 2.000 lagunentzako diskoteka zabaltzeko bere proiektuak aurkari asko ditu, besteak beste, auzokideak, Udala, EH Bildu eta PP alderdiak eta IMQ klinika. Aurkeztutako eskabideak Udalaren "lupari" eta zenbait alegaziori aurre egin beharko die. Interneten hasi dira jada diskotekaren aurkako sinadura bilketan.