Nagore Mujika bermerik gabe espetxera bidali du epaileak

uriola.eus 2014ko urr. 20a, 14:03

Larunbat iluntzean atxilotu zuten Mujika Villenako espetxe kanpoaldean, Alakanten, ustez 1992. urteko gertaera baten harira. Gaur epailearen aurretik igaro da eta fidantzarik gabe esperatxeko agindua hartu du epaileak. Deustun manifestazioa egingo dute 19:30ean, Done Petri plazatik abiatuta, bere askatasuna galdegiteko.

Mujikaren inguruko iturriek URIOLAri jakinarazi diotenez, dagoeneko epailearen aurretik igaro da eta fiskaltzak hasiera batetik espetxeratzea eskatu du; azkenean epaileak ere erabaki bera hartu duelarik. Mujikak epaileari arrazoitu omen dio, lanean dagoela eta bere senideek bere beharra daukatela. Tratua egokia izan dela gehitu digute baina antsietatearekin egon dela.

Atxiloketa Juan Carlos Iglesias presoari bisita egin eta gero izan zen. Nagore Mujika deustuarra sei urteko alabarekin eta gertuko beste pertsona batekin zegoen une horretan. Etxeratek jakinarazi duenez, kaleko jantziekin hurbildu zitzaizkion poliziak eta momentuan ez bazuten atxiloketaren zergatia zehaztu, hainbat hedabidek azaldu dute 1992. urteko sumerio batengatik izan dela argitu dute.

Etxerat elkarteak ohar baten bidez salatu duenez, "senideei zuzendutako beste eraso bat" izan da eta bereziki larritzat jo dute "bere alaba hau dena bizitzera behartu izana".

Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak urriaren 14an agindu omen zuen Nagoreren atxiloketa duela 22 urteko kasu baten harira. Naiz.info agerkariak jakitera eman duenez, 1992an irekitako sumario batean oinarritu da epailea deustuarra kartzelara bidaltzeko. Zehazki, bi urte lehenago, Barakaldon polizia baten aurkako atentatuan parte hartzea leporatzen dio Morenok. Fiskalak dio ez direla delitu hura preskribatutzat jotzeko 20 urteak igaro eta epaileak tesiarekin bat egin du. Etxeratetik gehitu dute "justifika ezina dela epaile baten izenean pertsona bat atxilotzea, epailearen aurrean aurkezteko komunikatzearekin nahiko zenean".

Beraz, "senideen kontrako jazarpena berehalakoan bukatzea exijitu" dute, horrelako "ikuskizun neurrigabe eta krudelak" berriz ez ikusteko.

Nagore Mujika 2008an aske geratu zen 12 urteko espetxe zigorra bete eta gero. 1996an atxilotu zuten Frantzian ETArekin harremanetan egotea egotzita. Bertan 6 urte bete eta gero Espainiaratu egin zuten. 2008ko abenduan libre geratu zen.