Zelan dago Jon?
Atzo berarekin hitz egin nuen telefonoz, bost minutuz, bizimodu berrira egokitzen ari direla esan zidan. Basauriko kartzelan elkarrekin daude Urtzi eta bera eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Gutun bat ere jaso dugu, egunero egiten dutena kontatzen digu bertan.
Urriaren 11ko egun berezia izango zen. Nola gogoratzen duzu?
Oso babestuta sentitu ziren, bai. Niretzat ihesbide bat izan zen, gogorra da zure semeak espetxera joan behar duela onartzea, baina jendea txalotzen ari zenean nik beraiek kioskotik jaisteko gogoa nuen, behingoz istorio honekin amaitzeko. Deigarria egin zitzaidan horrenbeste gazte negarrez ikustea, ni neu ez nintzen gai izan malko bat botatzeko. Ez dakit nola eskertu izan dugun babesa, Grebalariak Aske! plataformak egin duen lana itzela izan da, bertan egon ziren guztiei zein joan ezin zutenei ere, mila-mila esker.
Gogorra izan da zure semea kiosko gainean ikustea?
Bai, ikusi eta ezin ukitzea... oso gogorra da. Urriaren 11n Jonek ez zuen nahi ni Done Petri plazan egoterik baina esan nion berak desobedientziari ekiten bazion, nik ere, eta joan egin nintzen. Denbora izan dut nire burua prestatzeko eta injustizia itzela bada ere, honek amaiera bat behar zuen. Beraiek goian zeuden bitartean, bizipen eta irudi asko pasatu zitzaizkidan burutik, gure artean ez dagoen jendea ere nire ondoan sentitu nuen. Amatasun sena piztu egiten da, hiru hilabete daramat nire sabelari eusten, galdera piloa datozkizu burura, ea ondo egin duzun, behar bestelako maitasuna adierazi diozun...
2012an hasi zen prozesua izan da, luzea, zelan bizi izan duzu?
Oso luzea eta gogorra izan da eta alerta egoeran egon naiz hasieratik. Jakin badakizu muntaia bat izan dela hasieratik eta ez dagoela zereginik. Inpotentzia handia sentitu izan dugu une askotan, epaiketa bera lotsagarria izan da. Kontatzeko beharra izan dut, lanean, kalean... jendeak gertatutakoaren berri izan behar duela uste dut. Azken asteotan ertzainez inguraturik egon gara etengabe, ni oporretan egon naiz eta ez nintzen etxean geratzeko gai, ez nekien nire semea non zegoen, noiz etorriko ziren bere bila... ezjakintasun hori oso gogorra izan da. Bestaldetik, jendearen eta batik bat auzotarren berotasuna eta plataformak egindako lana itzela izan da.
Zer dago muntaia horren atzean?
Egungo gazteak eta ez hain gazteak isilarazteko egin dutela uste dut. Francoren garaian kartelak jartzen harrapatu ninduten behin, polizia-etxera eraman ninduten eta baldea eta erratza kendu zizkidaten, besterik ez zidaten egin, zigorrik ez zidaten ezarri. Gaur egun, greba orokor egun batean kapitalismoaren kontrako pintada bat egiteagatik bi urte eta erdirako kartzelara eramaten zaituzte.
Aholkurik eman diozu Joni?
Nire semeari esan diot burua tente mantentzeko dagoen lekuan dagoela. Gustuko ez dituen gauzak entzun beharko dituela, badago jendea oraindik ere ez duena sinesten pintada bat egiteagatik bi gazte espetxean sar daitezkeela, baina aurrera egiteko beti.
Grebalariak Aske! plataforma
2012ko maiatzaren 6an aurkeztu zen Deustun Grebalariak Aske! plataforma. Urte bereko martxoaren 29ko greba orokorrekoko istiluen eranzule izateagatik Deustuko hiru gazteri eta Indautxuko bati fiskaltzak hamalauna urteko espetxe zigorra eskatu zienean Grebalariak Aske! plataforma eratzea erabaki zuen Deustuko Greba Asanbladak. Egun batzuk lehenago, auziperatuen defentsarako kanpaina diseinatzeko batzar irekia egin zuen Deustuko Greba Asanbladak. Batzarrean Deustuko, Erriberako, Arangoitiko eta Indautxuko hainbat pertsonak eta elkartek parte hartu zuten. Harrezkero dozenaka prentsaurre, batzar, elkarretaratze eta ekintza burutu dituzte Deustualdean zein Bilbon. Txiki eta apal hasieran, handi eta ikusgarri denborarekin. Plataformaren lana atxikimendu eta babes sare handia sortzera iritsi da, Deustuko bi grebalari gazteen aldeko kolore gorria nonahi zabalduz.
Deustuko Askegunea
“Kioskoan”, Done Petri plazako kioskoko teilatu gainean gogoratzen ditu Urtzi Martinez eta Jon Telletxea gazteak Grebalariak Aske! plataformako Maitane Muñozek. Baina joan den urriaren 11ko oroitzapenak “haratago” doazkio, egun hartako “hamaika mila une gogoratzeraino”.
Greba eskubidea aldarrikatu eta Urtzi eta Telleri babesa agertzeko, gizarte eragile eta norbanakoen inplikazioa “ezinbestekoa” izan zen Maitane Muñozen ustez. “Piloa” izan ziren Deustuko elkartasun Askeguneko partaideak eta “oso positiboa” jendeak emandako erantzuna. GrebalariaK Aske! plataformak “motor lana” egin bazuen, egun hartan Deustura bertaratutako komunikabideak (URIOLA, Berria, Gara, Topatu, Irola...) Done Petriko desobedientzia gunearen bozgoragailu izan ziren. “Denen artean” lortu zen azken hileetan behin eta berriro errepikatutako mezua “erreal” egitea. Urtzi eta Telle “bakarrik ez uztea eta denok grebalari izatea”.
“Eredugarria” izan zen ehunka herritarren jarrera. Urriaren 11a baino lehen eta egunean bertan, hainbat aldiz zabaldu zuten Grebalariak Aske! plataformako kideek Askegunea osatzea zela ekimenaren xedea, ez herri harresia egitea. “Urtzik eta Tellek bezalaxe, plazan batutako lagunek desobedientziaren aldeko hautua egin genuen, erresistentzia erakutsi gabe, baina poliziei alfonbra gorria jarri gabe”. Eta mezua iritsi zen jendartera, emaniko irizpideak “bete-betean jarraitu zituzten” herritarrek eta, horrekin batera, “Urtzi eta Telleren nahia”.
Hirugarren saiakeran heldu zen Ertzaintza Done Petriko kioskora, bultzada artean, elkartasun Askegunea urratzera. “Ikusgarria izan zen” poliziari bizkarra ematen zieten lagunek nola babestu zituzten Urtzi eta Telle. Tentsio une ugari izan baziren ere, ez zen enfrentamendu handirik izan. Ertzaintzak zenbait pertsona identifikatu zituen eta bi lagun atxilotu. Biak aske utzi zituzten larunbatean bertan.
Ertzaintzaren presentzia handia izan zen Done Petrin. 20 furgonatik gora eta ehun agente inguru bertaratu ziren. “Zentzugabea” Muñozen arabera, “antzerkia”. Batik bat, atxiloketaren aurrean Urtzi eta Tellek “enfrentamendua ekidingo zutela jakinda”. Plataformak adierazi duenez, Ertzaintzak “oso pertsonalki hartu zuen hasieratik”. Izan ere, Urtzi eta Telleri leporatzen dizkieten istiluetan (2012ko martxoko greba orokorrean gertatuak) bi ertzain sauritu ziren eta, plataformaren iritziz, horregatik jokatu zuten urriaren 11n “hain gogor”.
Bizkaiko Auzitegiak ezarritako zigorra betetzeko (bi urte erdiko espetxe zigorra) hamar eguneko epea eman zieten Urtzi Martinez eta Jon Telletxea deustuarrei. Euren burua kartzelan entregatzeko epea urriaren 2an bukatu zen. Orduan erabaki zuten espetxean ez zirela aurkeztuko. “Desobedientziaren aldeko hautua egin dugu. Bide hau hartu dugu ez ditugulako instituzio arrotz hauek legitimatuko, justiziaren eta legearen artean justizia aukeratzen dugulako”, zioen bi grebalariek idatzitako gutunak. Bederatzi egun zeramaten “desagertuta” urriaren 11n, 13:45 zirenena, kolore gorriko Done Petri plazan Urtzi eta Telle agertu eta kioskoko teilatuan eseri zirenean. Jasotako zigorrarekiko desadostuna erakutsi nahi izan zuten desobedientzia ekintza horrekin.
2012ko martxoko greba orokorrean gertatutako istiluetan parte hartu izana leporatuta auziperatu zituzten beste bi lagunekin batera Urtzi eta Telle, “luze jo duen auzi bidean”. Grebalariak Aske! plataformak lehen unetik salatu du “margoketa batzuk egiteagatik” bi urte eta erdiko espetxe zigorra “gehiegizkoa” dela, eta Urtzi eta Telleren aurkako epaiketa “fartsatzat” jo du: “Agerian geratu zen epaiketa muntaia poliziala besterik ez zela izan eta ertzainek manipulatutako frogak eta zentzurik gabeko testigantzak izan zituela oinarri”.
Grebalariak Aske! plataformak urriaren 12an argitaratutako bideo batean, Urtzi eta Tellek, hunkituta, eskerrak eman dizkiete “Askegunera gerturatutako herritar guztiei eta prozesuak iraun duen bitartean alboan izandako lagun guztiei jasotako babesagatik”. Egun, Basauriko espetxean daude preso Urtzi eta Telle. “Indartsu eta animotsu, borrokatzen jarraitzeko prest”.