Dispertsioaren aurka kalera atera dira deustuarrak

uriola.eus 2014ko aza. 10a, 09:30

Ostiral arratsaldean, dispertsioaren aurkako sarea sortu zuten Deustuko frontoian 100 lagun inguruk. Sakabanaketarekin amaitzeko beharra azpimarratu zuten mosaiko baten bidez.

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarra irailaren 20an aurkeztu zuten Miribillan. Bertan, dispertsioarekin amaitzeko beharra azpimarratu zuten eta arlo politiko, juridiko, kultural, instituzional eta akademiko ezberdinetako herritarrek parte hartu zuten bertan.

Ekitaldiaren bidez, apirilera bitartean sakabanaketarekin bukatzeko emango ziren urratsak jendarteratu zituen Sarek. Besteak beste, dispertsioaren liburua argitaratzeko asmoa erakutsi zuen, Euskal Herrian ematen den "eskubide urraketa" modu argian azaltzeko. Azaroaren 1ean, liburuaren 500.000 aleak prest zeudela jakinarazi zuten.

Dinamikak aurrera pausoak ematen jarraitzen du; baita herri zein auzoetan ere. Ostiralean, 19:00etan, deustuarrek, euskal preso politikoen alde auzoko frontoia bete eta mosaiko bat egin zuten.