Athletic

Nagusitasuna agerian uzteko ordua

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko aza. 21a, 18:03

Argazkia: www.athletic-club.net

Asteburu honetan (igandean, 11:30etan) Athleticek beste talde sendo baten bisita jasoko du. Sendoa izateaz gain, goleatzailea. Valentziak jada Athletici aurrea hartu dio, gol baten diferentziagatik bada ere. Hori dela eta, lidergoarekin egin da Bartzelona (partida bat gutxiagorekin), Athletic hirugarren posturaino jaitsiz. Hirurak puntuz berdindurik daude (24 puntu), beraz hiru puntuak beharrezkoak dituzte zuri-gorriek sailkapenaren gorenera iristeko.

Batak erregulartasunarekin bat egin badu, bestearen bolada petraldu egin da. Orain berdinketa, hurrengoan garaipena. Halaxe dabiltza valentziarrak azken sei jardunaldietan,  hiru berdinketa eta beste horrenbeste garaipen eskuratuz, txapelketa hasierako lau partidak irabazi ondoren. Athleticek ere hiru alditan egin du estropezu, baina guztiak azken lau jardunaldietan gertatu dira. Horren ondorioz, atzetik zetozen arerio zuzenak hurbildu dira, sailkapenean gainditzera iritsi arte. Eta zalantzak airera irten dira.

Cristian Tororen taldeak Athletic eta Bartzelonaren arteko alde-bitasunarekin amaitu du aurten. Txapelketa irabazteko borrokan daudela argi utzi dute –beti ere emaitzekin eta ez hitzekin. Nahiz eta Rayo Vallecano, Atletico Madril eta Transportes Alcaineren aurka berdindu, beste jardunaldi guztietan garaipenarekin egin dira. Gainera, apirilaren 27tik porrotik ezagutzen ez zuen Bartzelona menderatu zuen. Hiru puntu garrantzitsu horiek benetako prestigioa eman zioten. Atzera begiratuz, nabarmendu behar da orain dela gutxira arte talde zuri-beltza sailkapeneko erdialdean ibiltzen zela, Koparako txartelarekin lehiatuz edo-eta jaitsiera ekiditen. Joan zen urtean apustu garbia egin zuen klubak, izen handiko hainbat jokalari fitxatuz. Hala ere, seigarren postuan amaitu zuten txapelketa. Aurten, negozio berdinarekin jarraitu dute eta badirudi –oraingoz, behintzat- bere fruituak ematen ari dela.

Bi talde parekatuen lehia espero da igandean, sailkapeneko estatistikak paretsuak baitira. 27 gol sartu dituzte biek, eta bizkaitarrek gol bat gehiago jaso dute (7). Joan zen sasoian, halako zerbait espero zen, intentsitate handiko norgehiagoka. Izan ere, lehen itzulian Beniferrin jokatutako partidan etxekoek nagusitasun handiz irabazi zuten (3-0). Lezamako neurketak errebantxaren usaina zeukan. Eta halaxe izan zen. Athleticek sartutako gol goiztiarraren ondorioz, Cristian Toro erreakziorik gabe geratu zen, eta Fuentesen taldea, nola ez, erosoago. Amaieran, 3-0 gailendu ziren bizkaitarrak. Ligaz gain, Erreginaren Kopako final laurdenetan ere aurrez-aurre izan ziren. Lezaman, joaneko partidan, banako berdinketarekin amaitu zen neurketa, baina itzulerakoan Athleticek bere nagusitasuna erakutsi zuen (1-4). Bestalde, aurreko bi denboraldietan, bizkaitarrek garaipena eskuratu zuten lehiatu ziren guztietan.

Zuri-gorrien zelaia ondo ezagutzen duten bi jokalariren bisita jasoko du lehiak, zirraragarritasuna areagotuz. Manuela Lareo, lau denboralditan Athleticen jokatu ostean, airez aldatu eta Valentziara joan da. Baita Naiara Beristain ere, azken bi denboraldiak Realean egin zituen arren, aurretik hainbat urtean talde bizkaitarrean aritu zen getxotarra.

Benetako poderioa erakusteko aukera daukate zuri-gorriek. Urteko azken hilabete honetan arerio zuzenen aurka jokatzea egokitu zaie. Mendi malkartsua joan zen jardunaldian hasi zitzaion, eta jada irristatu egin zuen Juan Luis Fuentesen taldeak, etxean Levanteren aurka bana berdindu baitzuen. Arerio zuzenen aurkako partidek geroa baldintzatuko dute. Garaipenaren bidera itzultzeko lehen parada beraz, igandekoa da. Valentziari gailenduz gero, hiru punturen aldea aterako bailioke. Porrot batek lidergotik gehiegi urruntzea suposatuko luke.