Athletic

Borrokan jarraitzeko nahitaezko garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko aza. 23a, 20:30

Argazkia: www.athletic-club.net

Athleticek hiru puntu garrantzitsu eskuratu zituen Valentziaren aurka, valentziarren denboraldiko lehen porrota eraginez. Erikaren gol bakarra nahikoa izan zen garaipenaren bidera itzultzeko. Horrela, orain bigarren postuan dago talde zuri-gorria, Bartzelona liderrarekin berdindurik –nahiz eta honek partida bat gutxiago jokatu duen-.

Neurketa erakargarria espero zen Lezamako instalakuntzetan. Hori dela eta, harmailak jendez lepo jantzi ziren. Bada, lehen zatian joko kaskarra ikusi zuten bertara gerturatutakoek. Ez batak ez besteak ez zuten erasoko jokaldi argirik sortu, zelai erdiko lehiak protagonismoa hartu zuelarik, hasierako minutuetako baloi luzeen bolada amaitzean. Bi talde antolatu ikusi genituen. Hala ere, minutuak aurrera joan ahala, Athletic denbora gehiago egon zen aurkariaren areatik gertu, aukera garbiegirik sortu gabe.

Bizkaitarrek eraikitako jokaldi politenean Alazneren erdiraketa Valentziako defentsak erraz desbideratu zuen, eta bigarrenean Maite Lizaso behartuta iritsi zen errematatzera. Gol aukera gabezia horretan Iraiaren zartakoa izan zen goletik hurbilen egon zena. Hasierako falta jaurtiketa hesiak desbideratu bazuen ere, loiutarrak aldaratzea aprobetxatu zuen jaurtiketa ederra egiteko. Gutxigatik ez zuen, ordea, aterantz bota.

Bazirudien, kanpoko perspektibatik, etxeko taldeak intentzio gehiago zeukala gola lortzeko. Horren adibide, Eunate eta Alaznek urrutitik eginiko jaurtiketak. Baita Gimbertek botatakoa ere, Yulemaren atzera pasea aprobetxatuz. Lehenengo berrogeita bost minutuetan ez zen ezer gehiago jazo. Ainhoa Tirapuk apenas izan zuen lanik.  

Bigarren zatian jokoa alaitu egin zen, batik bat Athleticen aldetik. Izan ere, Cristian Torok erakutsitako planteamenduak berdinketarekin konforme zeudela zirudien. Hala, Fuentesen taldea gehiagotan iritsi zen Mariajok defendatutako atera. Atezaina bizkor ibili zen Lizasok orraztu ondoren eragindako arriskua ateratzeko. Erasoko jokaldietan ederkiago moldatu ziren bizkaitarrak. Eunatek Alazneren korrikaldia bilatu zuen eta honen erdiratzea Erikaren oinetara zuzendua joan zen. Nafarrak atzera begiratu eta baloia norbaiti eskaini zion, ez zen ordea inor agertu.

Valentzia atzean sartuta zegoen. Baloiarekin ezer gutxi sortzen zuen. Aipatzekoa, Naiara Beristainek eginiko jokaldi pertsonala; ia-ia area barruraino sartu baitzen, inork lagundu gabe. Horren ostean, ordea, Athleticen gola iritsi zen. Lizaso oso sendo ibili zen zelai erdian baloia errekuperatzeko, eta Erikaren desmarkea ikusirik pase ederra luzatu zion. Nafarrak ez zuen huts egin Mariajoren aurrean. Sei minutu zeramatzan Erikak zelaian eta gol erabakigarria egin zuen. Golak Tororen taldea berpiztu zuen eta Athletic ez zen asetu 1-0ekoarekin. Esan daiteke golak mesede egin ziola partidari, lehia biziago batez gozatzeko parada izan baitzuten zaleek.

Susto ederra ere eraman zuten zuri-gorriek. Zelai erdian Monfortek lapurtutako baloia Claudiak aprobetxatu zuen Manuelarengana zuzentzeko. Aurrelari gasteiztarra bere talde ohiari gola egitetik oso gertu ibili zen, berdinketa zutoinak ekidin baitzuen. Bat-batean isiltasuna nagusitu zen, marmarrik ere ez. Ikara. Dena den, amaierako minutuetan etxekoak nagusi izan ziren.  Nekanek aldea handitzeko pare bat aukera garbi –oso garbiak- izan zituen. Aurrelari barakaldarrak hasitako kontraerasoa berak amaitu zuen, Irunerekin jokatu ostean. Bat-batekoan, ordea, ez zuen asmatu. Ezta hurrengo aukeran ere. Berriro Irunek eskainitako pasearen ondorioz, atezain kataluniarraren aurrean geratu zen Nekane, eta lehia horretan atezain kataluniarra garaile izan zen, baloia kornerrera desbideratuz. Amaierako minutuetan Mariajo azkar ibili zen. Bai Iruneren erdiraketa ukabilekin ateratzeko, eta baita Ibarraren erdiraketa pozointsua eskuekin hartzeko.

Hurrengo asteburuan Athleticek beste partidu gogor bat jokatu beharko du. Atletico Madrilen zelaia bisitatuko du larunbatean 11:45etatik aurrera. Madrildarrak ere goialdean dabiltza eta hiru puntuak nahitaezkoak izango dira Bartzelonaren martxa segitzeko.

Fitxa teknikoa:

Athletic Club: Ainhoa Tirapu; Eunate Arraiza, Arrate Orueta (Joana Arranz, 76. min.), Irene Paredes, Iraia Iturregi; Vanesa Gimbert, Maite Lizaso; Alazne Gomez (Eli Ibarra, 65. min.), Nekane Diez, Izaskun Leoz (Erika Vazquez, 53. min.); Yulema Corres (Irune Murua, 69. Min.).

Valentzia CF: Mariajo Pons; Nuria Mico, Paula Nicart, Ivana Andres, Leila Ouahabi (Maria Marti, 68. min.); Sara Monforte, Claudia Zornoza, Karol Ferez; Naiara Beristain, Manuela Lareo (Angy, 87. min.), Maripaz Vilas (Ana Amo, 60. min.).  

Gola: 1-0: Erika Vazquez, 59. minutuan.

Epailea: Salguero Castillero. Athleticeko Maite Lizaso jokalariak eta Valentziak Sara Monfortek txartel hori bana ikusi zuten.